Medikuntzako Nobel saria, zelula helduak pluripotente bihurtzeko gai direla frogatzeagatik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

medikuntzako-nobel-saria-zelula-helduak-plurip
Shinya Yamanaka eta John B. Gurdon ikertzaileak. Arg. Nobel Fundazioa

Zelula helduak pluripotente bihurtzeko gai direla erakutsi duten bi ikertzailek jasoko dute aurtengo Fisiologia edo Medikuntza alorreko Nobel saria: John B. Gurdon and Shinya Yamanaka. Sarituen izenak jakinaraztean, haien aurkikuntzek “zelulen eta organismoen garapena ulertzeko modua irauli” dutela adierazi du Karolinska Institutuak.

Hain zuzen, Gurdonek zelulen espezializazioa itzulgarria dela frogatu zuen 1962an. Hark egindako ikerketan, igel baten obulu bati nukleoa kendu, eta igel heldu baten hesteetako zelula baten nukleoarekin ordezkatu zuen. Obulu hartatik igel arrunt bat garatu zen; horrek erakutsi zuen hesteetako zelula helduaren DNAk zelula-mota guztiak bilakatzeko ahalmena gordetzen zuela.

Yamanakak, berriz, 2006an egin zuen saria eman dion ikerketa. Saguen zelula helduak heldugabe bihur zitezkeela frogatu zuen, eta, horretarako, nahikoa izan zuen DNAn lau gene sartzea. Zelulak “gaztetzeko” formula asmatu zuen, nolabait esateko.

Ikerketak oihartzun handia izan zuen, eta, urtebete geroago, gauza bera egin zuten giza zelulekin. Horri esker, enbrioietatik erauzitako zelula amek sortzen zuten arazo etikoa gainditzea lortu zuten.

Horrenbestez, Karolinska Institutuaren ustez, zelulen garapenaren eta espezializazioaren ikuspegia aldatu zuten ikerketa horien bidez. Izan ere, ordura arte, zelulen garapena norabide bakarrean gertatzen zela uste zen: ernaldutako obulutik zelula heldu espezializatuetara (neuronak, muskuluetako zelulak, gibelekoak, odolekoak...).

Dogma aldatzetik, aukera berriak sortzera

Bide horretan atzera egiteko aukera dagoela frogatu zuten, ordea. Aipatzekoa da, hasieran, zientzialari gehienek errezeloz hartu zutela Gurdonen ikerketa; izan ere, orduko dogmaren aurka egin zuen, zelula heldu baten nukleoan zelula-mota denak bilakatzeko informazio guztia zegoela esatean. Alabaina, ikerketaren ondorioak eztabaidaezinak ziren.

Hortik hurrengo pausora urte asko igaro ziren, baina gaur egun mundu osoko laborategi askotan ari dira lanean Yamanakak irekitako bidean. Hain juxtu, abuztuan Nature aldizkariak jakinarazi zuenez, Yamanakak berak zelula amen banku bat sortzea proposatzen du, zelula amen ikerketetan dauden muga etiko eta legalak gainditzeko, eta, batez ere, laborategietan egiten den lana kliniketara eramateko eta pazienteengana helarazteko. Nobel Fundazioari saritua dela jakin berritan eman dion elkarrizketa laburrean ere horixe aipatu du, alegia, zelula amen teknologia laborategitik eremu klinikora eramateko itxaropena duela. 

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.