Karga elektrikoa mugitzeari erresistentzia infinitua dion material bat sortu du nazioarteko fisikari-talde batek. Titanio nitrurozko film mehe bat da, zero absolutuaren tenperaturatik gertu eta eremu magnetiko baten barruan jarriz gero superisolatzaile bilakatzen dena.
Bitxia bada ere, titanio nitruroa izatez supereroalea da, superisolatzailearen kontrakoa, hain zuzen. Fenomeno hori egitura elektroniko jakin bati esker sortzen da: hainbat elektroik binakako taldeak osatzen dituzte Cooperen bikoteak izeneko egitura batean. Cooperen bikoteak erresistentziarik gabe mugitzen dira materialetik; supereroale bilakatzen dute materiala, alegia.
Baina titanio nitruroak film mehe baten forma hartzen duenean, egoera aldatu egiten da: Cooperen bikoteak gune txikietan mugatuta geratzen dira. Elektroiak ezin dira gune batetik bestera pasatu, eta materiala isolatzaile perfektua bilakatzen da. Ikertzaileek nabarmendu dute gunetan mugatuta dagoena superoalea izanda bakarrik lortzen dela isolatzaile perfektua. Paradoxa dirudi: superisolatzaile bat egiteko, nahitaez, material supereroale batetik abiatu beharra dago.