SARS-CoV-2 birusa eta eragiten duen gaitza, COVID-19, agertu zirenetik hilabete gutxi batzuk baino ez dira igaro. Ez da harritzekoa, beraz, haien gainean lanean ari direnek galdera gehiago izatea erantzunak baino, hasi ikertzaileetatik eta agintarietaraino. Hori ulertuta ere, arau eta gomendio kontraesankorrek zalantza eta ziurgabetasuna sortzen dute. Horrelakoak saihesteko, gardentasuna eta zuhurtzia dira gakoak, baina beti ez dira erabili behar adina.
Adibide garbi bat maskaren auzia da. Izurria pandemia bihurtu aurretik ere, Txinatik iristen ziren irudietan, pertsona gehienak sudurra eta ahoa maskaraz estalita agertzen ziren. Bestela ere, Asiako leku askotan ohikoa da maskarak erabiltzea, poluziotik babesteko, adibidez, baita han pairatu dituzten beste izurri batzuk gogoan dituztelako ere, SARS esaterako.
Baina ohiturak alde batera utzita, pentsatzekoa da maskarak baliagarriak izan behar dutela arnas aparatuari erasotzen dion edozein patogenori sartzea eragozteko, horretarako diseinatu baitituzte. Informazioa bilatu duenak, gainera, erraz ikasi du mota desberdinetakoak daudela: batzuek iragazkiak dituzte, eta norbera ez kutsatzeko balio dute; eta beste batzuk soilagoak dira, eta ez dituzte iragazten kanpotik datozen birusak, baina gai dira norberak kanporatutako tantaxkak gerarazteko, eta, beraz, besteak kutsatzea saihesten dute.
Izurria Europara iritsi eta pandemia bihurtu zenean, agerian geratu zen ez zegoela nahikoa maskara eskariari erantzuteko. Are gehiago: ez daude osasun-langileen segurtasuna bermatzeko adina. Diagnostikatzeko probekin bezala, zentzuzkoa da dagoen materiala behar handiena dutenengana bideratzea (osasun-langileak, gaixoak eta haiekin kotaktu zuzena dutenak). Alabaina, horrekin batera, informazio nahasgarria eman zaie herritarrei, baita iturri ofizialetatik ere.
Hain zuzen, maskarak ez direla beharrezkoak esan dute behin eta berriro. Birusa eztula egitean hedatzen diren tantaxken bitartez transmititzen denez —OMEk ere hala berretsi du duela gutxi— eta ez airetik, pertsonen artean tartea uztea eta eskuak zein gainazalak garbitzea maskarak janztea baino eraginkorragoa dela baieztatu dute arduradunek. Kalterako izan daitezkeela ere iradoki dute: segurtasun-sentsazio iruzurtia eman dezaketela, gaizki erabiltzeko arrisku handia dagoela, estigma eragin dezaketela…
The Lancet zientzia-aldizkariak maskaren erabilerari buruz OMEk eta hainbat gobernuk emandako gomendioak aztertu ditu: Txina, Hong Kong, Japonia, Singapur, AEB, Erresuma Batuak, eta Alemania.
Ondorio nagusien artean, azpimarra bat: «Ebidentziek erakusten dutenez COVID-19a sintomak agertu aurretik transmiti daitekeela, taldeko transmisioa murriztu daiteke pertsona guztiek, baita infektatuak izan direnak baina asintomatikoak diren eta kutsa dezakeenek, maskarak janzten badituzte».
Asintomatiko gehienok ez dugu aukerarik jakiteko birusak kutsatuta ote gauden, ez baitago guztiontzat diagnostikatzeko probarik edo testik; hortaz, denok maskarak erabiltzea izango litzateke zuhurrena.
Arazo bat dago, ordea. Nafarroako Unibertsitatean 40 maskara-mota aztertu dituzte, eta maskara homologatuak erabiltzeko garrantzia nabarmendu dute. Eskuz egindakoek babes mugatua ematen dutela ohartarazi dute, eta ustezko segurtasun iruzurtia sortu dezaketela. Ondo jartzea ere garrantzitsua dela esan dute: ez badira behar bezala egokitzen, alferrikakoak dira. Eta ez daude maskara homologatuak denontzat.
Elhuyarrek garatutako teknologia