Marteko hautsaren dinamika argitu, eta haizearen soinua grabatu dute

marteko-hautsaren-dinamika-argitu-eta-haizearen-so
Eguerdian haize bolada baten ondoriozko hauts harrotzearen sekuentzia. Irudietan ikusten den eremuak 4 km2-ko azalera hartzen du. Arg. NASA/Caltech-JPL/ASU/MSSS/SSI

Marteko atmosferaren dentsitatea Lurrarena baino txikiagoa denez (150 bat aldiz arinagoa), esekirik dagoen hautsak atmosferaren propietate termikoetako asko zehazten ditu, baita nola berotzen eta hozten den ere. EHUko Zientzia Planetarioen Taldea kide den nazioarteko talde batek hautsa zein fenomenok harroarazten duten aztertu du, eta emaitzak Science Advance aldizkarian argitaratu ditu.

Perseverence ibilgailuaren MEDA estazio meteorologikoa erabili dute fenomeno horiek ikertzeko, zehazki, Jezero kraterrean. Artikuluaren arabera, eguneko haizeak goranzkoak dira, eta, oro har, biziak. Gauekoak, berriz, beherazkoak eta ahulagoak dira. Haize korronteen eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu, nonbait, hautsa kopuru handiak altxatzeko fenomenoak.

Hori ulertzea garrantzitsua da Marteren giza esplorazioa antolatzeko. Izan ere, Marteko atmosferaren hautsa, pausatzen denean, eguzki-panelak estal ditzake, eta gainazaleko zenbait misioren funtzionamendua oztopatu. Ez da hori Perseverance roverraren kasua, energia nuklearra erabiltzen baitu.

Lehenengo soinu grabazioak

Bestalde, beste ikerketa-talde batek, EHUko IBeA laborategiaren parte hartzearekin, Marteko atmosferan egindako soinu-grabazioak argitaratu ditu Nature aldizkarian.

Grabazioen arabera, Marteko atmosfera mehean Lurreko atmosferan ez bezalako soinu-fenomenoak gertatzen dira; besteak beste, soinua giza espektro entzungarriaren zenbait frekuentziatan hedatzea edo distantzian soinua gehiago moteltzea dentsitate atmosferiko baxua dela eta.

Artikulua SuperCam tresnaren mikrofonoaren datuetan oinarritzen da, eta Jezero kraterrean haizeak eragiten dituen soinu naturalak jasotzen ditu. Halaber, soinu artifizialak ere entzun daitezke: Ingenuity helikopteroaren hegalek edo MOXIE tresnaren konpresoreak sortzen dituztenak; roverra Marten mugitzen denean haren gurpilek egiten dutena eta baita LIBS tresnaren (SuperCam-en zati bat) laserrak egiten duen ablazioak sortutako soinuak ere. Horiek aztertuta, Marten analizatutako materialen propietateak ondoriozta daitezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila