Marteren eboluzio klimatiko eta hidrologikoari buruzko datu esanguratsuak eman ditu NASAk

Duela 3.700 milioi urte, Jezero kraterra aintzira bat zela baieztatu du

marteren-eboluzio-klimatiko-eta-hidrologikoari-bur
Jezero kraterra urez betetako aintzira zeneko irudikapena. Izar gorriak Perceverance ibilgailuak lur hartutako tokia markatzen du. Arg. NASA

NASAren Perseverance ibilgailuak otsailean hartu zuen lur Marten, hain zuzen 45 km-ko diametroa duen Jezero krater handian, eta, dagoeneko, argitu ditu planeta gorriaren eboluzioari buruzko pasarte esanguratsuak: garai batean, aintzira lasai bat zen Jezero kraterra, ibai batek elikatzen zuena. Eta bat-bateko aldaketek uholde indartsuak eragin zituzten, beti ere NASAren datuen arabera.

Ibaiaren deltan eta aintziran, hainbat kilometrotatik ibaian behera bortizki iritsitako arroka handiak aurkitu dituzte, bat-bateko uholdeen ondorio diruditenak. Arroka batzuek metro bateko diametroa eta hainbat tonako pisua zuten, eta inguruko geruza geologikoak aztertuta, ikertzaileek argitu dute kraterretik kanpokoak zirela. Are gehiago, ez zituela haizeak ekarri, ur-fluxu indartsu batek baizik. Kalkulatu dutenez, 9 m/s-ko fluxua izango zuen uholdeak.

NASAko ikertzaileek adierazi dutenez, gerora izandako klima-aldaketaren batek aintzira lehortzea eragin zuen, eta hurrengo milioika urteetan lehor mantendu da. Orduz geroztik, haizeak higatu du pasaia, egun azaltzen den kraterra sortu arte.

NASAko ikertzaileak pozik azaldu dira, gaur egun Marte hotza eta lehorra den arren, duela 3.700 milioi urte planeta epela eta hezea zela frogatu baitute, eta ura modu egonkorrean mantentzen zela azalean. Gainera, kraterraren barruan buztinez eta lutita-partikula txikiez sortutako geruzak identifikatu dituzte; alegia, beren baitan garai bateko bizitzaren arrastoak gorde lezaketenak, inoiz bizitza egon bada Marten. Datozen hilabeteetan geruza horiek aztertuko ditu Perseverance ibilgailuak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.