Marihuanak oroimena nola asaldatzen duen azaldu dute

Aspalditik jakina bada ere cannabisak oroimen-galerak sorraraz ditzakeela, Cell aldizkarian argitaratutako ikerketa batek prozesu horren mekanismoa azaltzea lortu du. Juan Mendizabal eta Pedro Grandes EHUko neurozientzialariek parte hartu dute ikerketan, Frantzia, Kanada, Txina eta Ameriketako Estatu Batuetako beste hamabost ikertzailerekin batera.

marihuanak-oroimena-nola-asaldatzen-duen-azaldu-du
Pedro Grandes eta Juan Mendizabal EHUko ikertzaileak Arg. EHU

Tetrahidrocannabinola (THC) da marihuanaren osagai psikoaktibo nagusia. Beste edozein botika bezala, THCak proteina hartzaile zehatz batzuen gainean eragiten du. Kasu honetan, THCak CB1 hartzaileetan eragiten du, hots, astrozitoetan. Hartzaile horiek, hipokanpoan aktibatzean, glutamatoa askatzen dute, eta aminoazido horrek funtzio kitzikatzailea dauka nerbio-sistema zentralean. Kateak jarraitu egiten du. Astrozitoetatik askatutako glutamatoak NMDA hartzaileen aktibazioa eragiten du neuronetan, eta, horren ondorioz, beste glutamato-hartzaile batzuk, AMPA izenekoak, desagertu egiten dira neurona-gainazaletik. AMPAk desagertzean, hipokanpoko neuronen arteko komunikazioa deprimitu egiten da, eta, ondorioz, oroimena asaldatu egiten da.

 EHUko neurozientzialariek CB1 hartzailea lokalizatu dute astrozitoetan. Lehenengo ebidentzia da astrozitoek, nerbio-sistemako zelula batzuek, oroimena bezalako funtzio kognitibo batean daukaten zereginaz. Izan ere, orain arte, neuronen euskarri-, nutrizio- eta babes-funtzioarekin lotzen ziren batez ere, hau da, bigarren mailako funtzioa zutela esaten zen.

 Esperimentua saguetan egin dute. CB1 proteina daukaten sagu basatiak eta proteina hori ez daukaten genetikoki eraldatutako saguak erabili dituzte. Egiaztatu dute azken horietan THCak ez daukala eraginik neuronen sinapsiaren gainean, hipokanpoan.

 Emaitza horiek agerian uzten dute astrozitoetan dauden CB1 hartzaileek funtsezko zeregina daukatela cannabinoideek eragindako narriadura kognitiboan. Galdera da ea marihuanak antzeko mekanismoa martxan jartzen duen gizakion burmuinean. Baietz espero liteke, droga horrek asaldatu egiten duelako epe laburreko oroimena, bai gizakiongan, bai karraskariengan.

Iturria: www.basqueresearch.com

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila