Lurreko Hologenomaren Egitasmoa aurkeztu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

lurreko-hologenomaren-egitasmoa-aurkeztu-dute
Arg. EHI, Earth Hologenome Initiative

Lurreko Hologenomaren Egitasmoa aurkeztu dute; mundu-mailako lankidetza bat, animalia basatien eta haiei lotutako mikroorganismoen datu hologenomikoak bildu eta aztertzeko. Helburua da ekologia eta eboluzioa berraztertzea ostalari-mikrobiota elkarrekintzak ikuspegi sistemiko batetik aztertuz. Trends in Ecology and Evolution aldizkarian aurkeztu dute EHI (Earth Hologenome Initiative) egitasmoa.

Lurreko animalia gehienak mikroorganismoekin elkarrekintza estuan bizi dira, eta elkarrekintza horiek prozesu biologiko askotan eragiten dute, bai ostalarian, bai mikroorganismoetan, eta bai ingurunean ere. Gaur egungo teknologiarekin ostalarien genomen eta mikrobioen metagenomen karakterizazio zehatza egin daiteke. Hologenomika deitzen zaio horri, eta aukera ugari ematen ditu aztertzeko ostalari-mikrobiota elkarrekintzek nola eragiten duten hainbat prozesu funtsezkotan, hala nola espeziazioan, klima-aldaketara egokitzean, gaixotasunen transmisioan…

“Animalien eta mikroorganismoen arteko elkarrekintzak modu sistematikoan aztertzeko azpiegiturarik ez zen existitzen”, azaldu du Antton Alberdi Estibaritz Kopenhageko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, eta EHI egitasmoaren koordinatzaileak. “Ikerlari bakoitzak bere prozedura propioak erabiliz sortu ohi ditu eskala txikiko proiektuak. Eskala txikirako egokia den arren, proiektu eta espezieen arteko konparaketak egiteko zailtasun handiak sortzen ditu horrek, batez ere mikroorganismoen datu molekularrak sortzeko prozesuak alborapen teknikoak izateko arrisku handia duelako”.

Egitasmoa martxan jartzeko arrazoi gehiago ere aipatu ditu Alberdik: “Kalitatezko metodologia ireki eta merkeak sortu nahi ditugu, analisi molekularrak ahalik eta eskuragarrien bihurtzeko. Zientzialari gehienek kit komertzialak erabiltzen dituzte, baina kasu askotan horiek ez daude eskuragarri munduko txoko guztietan, eta proiektu handiek erreprodukziorako zailtasunak izan ditzakete euren prozesuak soluzio komertzialetan oinarrituz gero. Konpainiak produktua aldatzea erabakiz gero, akabo datu konparagarriak sortzeko aukera”.

Eta, azkenik, komunitatea sortzeko balio izatea nahi lukete. “Mundu guztiko ikerlariek elkarrekin lan egiteko plataforma bat ere bada EHI, beti ere tokian tokiko ikerlarien parte-hartze zuzena sustatuz, baliabide genetikoen erabilera etikoa bultzatuz eta kolaboratzeko aukerak sortuz”, dio Alberdik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila