NEIKER-Tecnaliak erretzeko piperren hautespen-programa bat jarri zuen martxan 1999an. Programa horren helburua zen Bizkaiko mami lodiko piper-barietateen azterketa egin eta lerro onenak hautatzea --emankortasunaren, homogeneotasunaren eta lekuko merkatuak eskatutako ezaugarrien arabera--. Hala, bi piper-barietate berri erregistratu dituzte: Leuna eta Luzea.
Bi piper-barietate horiek interesgarriak izan daitezke nekazarientzat, laborantza osagarri gisa. Izan ere, Bizkaiko berotegietan oso espezie gutxi ekoizten dira (Gernikako piperra, tomatea eta letxuga), eta urte-sasoi batzuetan merkatua betetzea eta prezioak jaistea eragin dezake. Gainera, Gernikako piperrak baino esku-lan gutxiago eskatzen dute Luzeak eta Leunak (bi langile hektareako eta eguneko, eta ez bederatzi).