Laborategian sortutako lehen hanburgesa zerbitzatu dute gaur Londresen. Maastrich Unibertsitateko Mark Post-en taldeak urteak daramatza in vitro haragiarekin lanean, eta gaur jendaurrean aurkeztu dute beren azken emaitza: laborategian hazitako behi-zelulekin egindako hanburgesa.
250.000 eurotik gorako kostua du hanburgesa berezi horrek, eta argi dago oraindik edonoren platerean egotetik urrun dagoela, baina Postek erakutsi nahi du posible dela artifizialki sortutako haragia egitea. 2011ko urrian iragarri zuen sei hilabetetara lehen in vitro saltxitxa egitea lortuko zuela. Izan ere, zerri-zelulekin 2,5 zentimetro luze eta 0,7 zabal ziren muskulu-zerrendak egitea lortu zuten ordurako. Hilabete gehiago pasa dira, eta txerri-saltxitxa izan ordez, behi-hanburgesa izan da.
In vitro haragiaren abantaila nagusiak dira ez dela abererik hil behar, eta ohiko haztegiek baino energia gutxiago kontsumitzen duela eta hondakin gutxiago sortzen dituela. 2011an Oxford Unibertsitean egindako ikerketa baten arabera, % 35-60 energia gutxiago behar da, eta % 80-95 berotegi-gas gutxiago isurtzen da.
Baina oraindik badira gainditu beharreko arazoak. Esaterako, haragia ekoizteko eraginkorrenak zelula ama enbrionarioak lirateke (horiek dutelako ugaltzeko gaitasun handiena), baina zientzialariek ez dute lortu oraindik behien, zerrien, eta oilaskoen zelula ama enbrionarioak haztea (bai sagu, arratoi, gizaki eta tximuenak). Postek, ordea, beste zelula batzuk erabili ditu: mioblastoak, muskuluetan dauden zelula ama helduak. Hala, mioblastozko zati txikiak hazi dituzte petri-plaketan, eta halako 20.000 zatirekin osatu dute hanburgesa.
Ikertzaileek argi utzi dute, hala ere, hori ez dela izango etorkizunean haragi artifiziala egiteko modua. Batetik, mioblastoak ez direlako oso eraginkorrak, eta, bestetik, haiek hazteko behien fetu-seruma erabili behar izan dutelako. Azken horrek behien heriotza dakarrenez, begi-bistan dago ez dituela haragi artifizialaren helburuak betetzen.
Tarteko pauso bat da, baina lehen hanburgesa dagoeneko dastatu dute bi boluntariok eta Postek berak, gaur Londresen egin duten ekitaldian. Hala ere, bide luzea dago oraindik hanburgesa horiek merkatura iristeko. Postek iragarri du 10-20 urte beharko direla horretarako.