Eusko Jaurlaritzak 1997ko udan aurkeztu eta urriaren 24an Legebiltzarrean eztabaidagai izango den Ingurugiro Legeak ez ditu inolaz ere azken hogei urteotan sorturiko espektatibak asebetetzen.
Guk ez genuen espero –ezta hurrik eman ere– arazo ekologiko guztiak konpontzeko panazearik; bai, ordea, indarrean den garapen ereduak sorturiko egoera ekologiko penagarria arintzeko moduko tresna izatea. Baina horretarako ere Legeak islatzen duen baino askoz borondate politiko sendoagoa behar da.
Legeak oinarrizko akatsak ditu. Giza agenteen –eta bereziki ekologisten– partehartzerik eza horietako bat da. 1994. urtean, Jose Antonio Maturana kontseilari zenean, zirriborroa bidali ziguten. Geroztik –eta oraintsu arte– ez dugu ofizialki honen berririk izan.
Zirriborro hura aipatu dugunez, esan dezagun orain aurkeztu den Legeak baino askoz borondate handiagoa erakusten zuela eta askoz zehatzagoa zela. Bigarren artikuluak, adibidez, ingurugiroaren babesak «ingurugiro politikaren zeregina ez ezik politika publiko guztien ardatza izan behar duela» zioen. Aipamen hau desagertu da Legetik, «ingurugiroaren aldeko elkarteei laguntza emateko neurriak» aipatzen zituen bederatzigarren artikulua desagertu den bezala. Zirriborroaren 27. eta 28. artikuluek, berriz, Ingurugiro Euskal Agentziaz hitz egiten zuten, organo berri honek behar zituen langile eta baliabideak zehaztuz. Agentzia honen ordez, oraingo Legeak Euskal Herriko Ingurugiro Batzordea sortzen du, bere zeregina harena bezain zehaztua ez dagoelarik.
Hau ez da munta txikiko aldaketa, kontuan izan behar baita Ingurugiro Batzordea dela –Ingurugiro Kontseiluarekin batera–Legeak dakarren benetako berrikuntza bakanetakoa. Batzordeak (Administrazioaren ordezkariek soil-soilik osatua) proiektu eta programez informatzea du helburu, batez ere Ingurugiro Programa Marko berriaz. Kontseiluan, berriz, zenbait herri-taldetako ordezkariak sartuko dira –zein eta zenbat zehaztu ez bada ere–, baina honek, izenak ondotxo adierazten duen bezala, aholkuak soilik eman ditzake eta ez du erabakiak hartzeko ahalmenik.
Nobedadea da –eta gure ustez hau izan daiteke Legearen alderik positiboena– plan jakin batzuei (Lurralde Antolamenduko Jarraipideak, Lurraldeko Plan Partzialak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak...) Ingurugiroaren gaineko Inpaktuaren Ebaluaketa derrigorrez eginaraztea. Hau da azken urteotan Eguzkik behin eta berriro egin eta Administrazioak behin eta berriro ukatu duen eskaera. Ongi etorria izan bedi berrikuntza, baina hein batean behintzat berandu datorrela aitortu behar da, batez ere Lurralde Antolamenduko Jarraipideak eta beste dokumentu garrantzitsu batzuk onartu berri direla kontuan izanik.
Legeak omen dakartzan eta komunikabideek azken asteotan aipatu dituzten gainerako «berrikuntzei» dagokienez, benetako berrikuntza ez direla esatea baizik ez zaigu gelditzen. Ingurugiroari buruzko informazio-eskubidea, adibidez, aspalditik indarrean dagoen Europako Direktiba batek –derrigorrez bete beharrekoak– bermatzen du. Lan munduari dagokionez, berriz, Ingurugiro Legeak ez du aipatzen Lan Arriskuak Aurreikusteko Legeak aipatzen ez duenik. Adibidez, ekoauditoriak. Ekoauditoria hauek, zorigaitzez, borondatezkoak izaten segitzen dute eta langileen ordezkarien partehartzea ez da bermatzen.
Esan dezagun, ondorio gisa, Legeak ez dituela inolaz ere espektatibak asebetetzen eta, gure ustez, Euskal Herriak ikuspuntu ekologikotik dituen beharretatik oso urruti dagoela. Lege hau ahula da, indarra falta zaio; ardoei gertatzen zaienaren kontra, denboraren poderioz okerrera jo du, eta giza agenteoi uzten digun lekua lorontziena besterik ez da, adorno huts bagina bezala.
Hona iristeko ez genuen hogei urteko bidaia behar.