1992. urtean, bi urtez lanean aritu ondoren, Europako 37 laborategitan ogia egiteko erabiltzen den legamiaren 3. kromosoma osoa sekuentziatu zen. Garai hartan emaitza hark hauts asko harrotu zuen eta zenbait aldizkari zientifikotan inoiz egin den aurkikuntzarik handientzat jo zen.
Lau urte geroago, legamiaren gainerako 15 kromosomak sekuentziatu dira Europako 100 laborategitan. Estatu Batuetako, Kanadako eta Japoniako ikertzaile-taldeekin ere harreman estua izan du Lovainako unibertsitate katolikoko André Goffeau-k gidaturiko taldeak.
Lehen aldia da organismo eukariotoaren (hau da, nukleoa ongi mugatua duen izaki bizidun konplexuaren) sekuentzia osoa ezagutzen dena. Orain, aurkitutako 6.100 geneen zeregina zein den jakitea falta da. Horietako heren batek zein proteina fabrikarazten duen badakite. Beste heren baten zeregina zein izan daitekeen ere sumatzen da, baina hirugarren herenaz oraingoz deus ere ez dakite. Gainera bizidunen erreinuan antzekorik ez dago.
Lan honek bidea zabaldu dio medikuntzako ikerketari, legamiko geneen erdiak baino gehiago giza geneen antzekoak direlako. Hori ez da harritzekoa, noski; izan ere, gizakia eta legamia duela mila milioi urte bizi zen arbaso beretik eratorriak baitira. Genomaren sekuentzia beste organismo eukariotoen (gizakiaren) geneak konparatzeko erreferentzia izango da.
Hainbat minbizi-motatan zerikusia duten geneen funtzionamendua hobeto ulertzeko aukera izango da horrela. Antibiotikoekiko erresistentzian zerikusia duten zenbait gene aurkitu izan dira. Industrian, bestetik, ogia eta garagardoa egiteko prozesua hobetzeko geneak aurkitzea espero da. Interneten bidez datuak zientzilari guztien esku daude.