Landare-ikatza, klimaren adierazgarri

Landare-ikatza, klimaren adierazgarri
2006/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Fosildutako landare-ikatza aztertuta, klimaren bilakaerari buruzko ondorioak atera dituzte Londresko Unibertsitateko geologoek. Aztertutako fosilak duela 440-250 milioi urte sortu ziren, garai haietan izandako suteen ondorioz. Aipatzekoa da denbora-tarte horretan ugaritu eta hedatu zela landaredia mundu osoan.

Orain frogatu dutenez, landareen hedapena erlazionatuta egon zen suteekin, eta baita klimarekin eta atmosferaren konposizioarekin ere.

Besteak beste, geologoek ikusi dute aztertutako denbora-tartean suteak bakanak zirela lehen 50 milioi urteetan. Baina suteak ugarituz joan ziren, landaredia hedatu eta atmosferako oxigeno-kontzentrazioa handitu zen heinean. Hala, duela 365 milioi urtetik aurrera, sute larriak izan ziren mundu osoan, baita landaredia hezea zegoen lekuetan ere.

Horrek badu azalpena: ereduen arabera, duela 275 milioi urte atmosferako gasen % 30 oxigenoa zen; gaur egun, berriz, % 21 da. Hainbeste oxigeno zegoenez, landareek erraz hartzen zuten su. Eta, suaren eraginez, landare-ikatza sortzen zen. Ikatza sortzean, karbonoa harrapatuta gelditzen zen; horrek eragina dauka CO2-aren zikloan, eta, beraz, atmosferaren bilakaeran.

Klimaren eboluzioan, beraz, faktore askok eragin zuten: landarediak, suteek, atmosferaren konposizioak... Zaila da faktore bakoitzaren eragina zehatz-mehatz neurtzea, baina, behintzat, Londresko geologoek argi dute suteak aintzat hartu behar direla iraganeko klima aztertzean.

1
224
2006
10
024
Klimatologia; Geologia; Kimika
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila