Urte luzez uste izan da hegaztiek bi eragileren arabera egiten dituztela habiak: espeziearen edo taldearen berezko joera eta ingurumeneko faktoreak. Orain, baina, tradizio kulturalak ere eragin handia duela frogatu dute, Kalahari basamortuko txolarre-espezie baten habiak aztertuta (Plocepasser mahali).
Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta oso lagungarria da aurreiritziak gainditzeko, kultura arkitektonikoa giza ezaugarritzat hartu izan baita, beste alderdi batzuetan transmisio kulturala badagoela frogatu izan den arren: kantua, migrazioa, janari-bilketa eta tresnen erabilera. Kalaharin egindako ikerketan, Plocepasser mahali espezieko 43 taldek egindako 450 egitura aztertu dituzte, bi urtez. Eta ikusi dute, genetikoki antzekoak izan arren eta denak inguru berean bizi arren, talde bakoitzak bere eraikuntza-estiloa zuela. Adibidez, batzuek egitura zapalak eta sendoak egiten zituzten, eta, beste batzuek, berriz, sarrera zabalak eta irteera-hobiak zituzten egiturak.
Ikertzaileek baieztatu dute egituren arteko diferentziek ez dutela zerikusirik txolarreen neurriarekin, ez zuhaitzaren ezaugarriekin, ezta eguraldiarekin ere. Aldiz, taldea lekuz aldatzen denean ere, eutsi egiten dio bere estilo propioari, eta banakoren bat beste talde batera joaten bada, bere egiten du taldearen arkitektura.
Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute ikasketa sozialak eta taldearen kulturak eragin handiagoa dutela habien arkitekturan, espeziearen berezko joerak eta ingurumenak baino.
Elhuyarrek garatutako teknologia