Koronabirusek neuropatogenesirik eragiten ote duten argitu behar da

koronabirusek-neuropatogenesirik-eragiten-ote-dute
Literatura zientifikoa aztertuta, SARS-CoV-2ak nerbio-sistema zentrala infekta dezakeela ondorioztatu dute zientzialariek. Baina nabarmendu dute, larrialdia dela eta, parekoen ebaluaziorik jaso gabe argitaratu direla ikerketa asko, eta horrek ez duela nahikoa bermerik ematen ondorio fidagarriak lortzeko. Arg. Sabine Zierer/Pixabay

Azkenaldian, COVID-19ak biriketan eragiten dituen ondorioez gain, susmoa dago ondorio neurologikoak ere izan ditzakeela. Pazienteen artean sumatu dituzten kalte neurologiko ohikoenak arinak izan dira: usaimena galtzea (anosmia), zaporeak ez hautematea (ageusia) eta buruko mina. Baina, kasu gutxi batzuetan, garuneko istripu baskularrak, kontzientzia-mailaren nolabaiteko galera, konbultsioak eta entzefalopatiak ere deskribatu dira.

Ez dago argi konplikazio neurologikoak birusak berak sortzen dituen edo bigarren mailako mekanismoen ondorio diren. Alegia, ez dakite usaimena galtzea, esaterako, anosmia klinikoa besterik ez den edo usaimen-neuronen lesioaren ondorio. Beraz, SARS-CoV-2 neurotropikoa den argitzeko, koronabirusen familiako birus guztiei buruz argitaratu diren ikerketen emaitzak aztertu dituzte JAMA Neurology aldizkarian.

Orain arteko ebidentzien arabera, nerbio-sistema zentrala eta periferikoa infekta ditzake SARS-CoV-2ak. Birusak zehazki zer ehun infektatzen dituen identifikatu eta nerbio-sistema zentralerako sarrera zein duen argitu nahi izan dute, eta badirudi birusaren inbasio neuronala hainbat bidetatik gerta daitekeela: besteak beste, usaimen-nerbioaren bidez, odol-hodien endotelioa infektatuta edota leukozitoek hesi hematoentzefalikoan zehar migratuta.

SARS-CoV-2ak ugaztunon zeluletako ACE2 hartzaileari lotuta lortzen du infektatzea. Gizakion kasuan, arnasbideetako epitelioetan, giltzurrun-zeluletan, heste meharrean eta endotelio baskularretan adierazten da ACE2a. Baina, ikerketa batek dio neuronetan, astrozitoetan eta oligodendrozitoetan ere adierazten dela. Garunean ACE2 adierazi ahal izateak kezka sortu du, nerbio-sistema zentraleko neuronak eta glia-zelulak infektatzeko gaitasuna eman baitiezaioke birusari.

Ondorio horietara guztietara iristeko, koronabirusen familia osoaren inguruan dagoen literatura zientifikoa aztertu dute ikertzaileek. Izan ere, gaur egun, katarro arrunta sortzen digun ohiko giza koronabirusaz gain (HCoV-229E), beste sei koronabirusek (CoV) infekta ditzakete gizakiak: HCoV-NL63, HCoV-HKU1, HCoV-OC43, MERS-CoV, SARS-CoV-1 eta SARS-CoV-2. Hori bai, ikertzaileek adierazi dute, beste gai zientifikoekin ez bezala, COVID-19aren larrialdia dela eta, parekoen ebaluaziorik jaso gabe argitaratu dituztela SARS-CoV-2aren inguruko ikerketa asko, eta horrek ez duela nahikoa bermerik ematen ondorio argiak eta fidagarriak lortzeko. Gainera, ikerketa gehiago egin behar da ziurtatzeko kalte neurologikoak ez direla birusaren infekzioa mugatzeko erabili diren botiken albo-ondorio.

Ikertzaileen arabera, beraz, funtsezkoa da birusaren ikerketa neuropatologiko gehiago egitea, SARS-CoV-2ak nerbio-sistema zentralean eragiten duen gaixotasunaren patogenesia ondo ulertu eta, COVID-19a sendatu ondoren, dagokion ebaluazio neurologiko eta kognitiboa egin ahal izateko, gaixotasunak ez dezan epe luzeko ondorio neurologikorik izan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila