Korapilatutako fotoiak sortzeko teknika eraginkor bat garatu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

korapilatutako-fotoiak-sortzeko-teknika-eraginkor
Ezkerrean, fotoi korapilatuen iturria: indiozko puntu kuantiko bat nanokable erdieroale batean txertatua. Eskuinean, korapilatutako fotoi-pareak nanokabletik nola ateratzen diren erakusten duen irudikapena. Arg. Waterlooko Unibertsitatea

Kuantikoki korapilatutako fotoi-pare ia perfektuak eraginkortasun handiz sortzeko teknika bat garatu dute. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, aurrerapauso handia da komunikazio kuantikoaren arloan, oso baliagarria izan baitaiteke, besteak beste, segurtasun handiko komunikazioetarako. Communications Physics aldizkarian argitaratu dute lana.

Ikertzaileek korapilatze kuantikoa (2022ko Fisikako Nobel saria) eta puntu kuantikoak (2023ko Kimikako Nobel saria) konbinatuz, fotoi korapilatuak sortzeko prozesua nabarmen hobetu dute. Nanokable batean puntu kuantiko erdieroaleak sartuta, korapilatutako fotoi-pareak ekoizteko iturri eraginkor bat lortu dute. Iturri hori laserrekin kitzikatuta sortzen dira fotoi korapilatuak; korapilatzea ia perfektua da, eta eraginkortasuna orain arteko lortutakoa baino 65 aldiz handiagoa. Hain zuzen ere, korapilatze-maila ona eta eraginkortasun handia, biak dira funtsezkoak aplikazio praktikoetarako, ikertzaileek nabarmendu dutenez. Eta orain arteko esperimentuetan bata edo bestea lortzen ziren.

Iturri berri hori erabiliz, komunikazio seguruen metodo bat simulatu zuten: gako kuantikoen banaketa. Horrela erakutsi dute puntu kuantikoen iturriak oso baliagarriak izan daitezkeela komunikazio kuantiko seguruen arloan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila