2022ko Fisikako Nobel saria Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilingerrek jasoko dute

Korapilatze kuantikoaren inguruan egindako esperimentuei esker, teknologia kuantikoak garatzeko ezinbesteko ekarpenak egin dituztela adierazi du Nobel Akademiak

2022ko-fisikako-nobel-saria-alain-aspect-john-f-cl
Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilinger fisikariek jaso dute 2022ko Nobel saria. Arg. Nobel Sarien Akademia

Korapilatze kuantikoa mekanika kuantikoaren oinarrizko fenomeno bat da. Baina eztabaida luzeak izan dira fisikan, benetako fenomenoa ote zen argitu den arte. Hiru saridunek egiaztatu dute korapilatze kuantikoa erreala dela eta, are gehiago, teknologikoki ustiatzeko interes handiko fenomenoa dela. Izatez, haiek sortutako ezagutzak teknologia kuantikoak aro berri batean sartu dituela adierazi du Karonlinska Instutukoak.

Mekanika kuantikoaren arabera, bi oinarrizko partikula kuantikoki korapilatuta daudenean, bakarra balira bezala jokatzen dute, baten ezaugarriek bestearenak baldintzatzen baitituzte. Hortaz, baten polarizazioa neurtuta, esaterako, bestearena ere ezagutu daiteke, bi partikulak bereizita dauden kasuetan ere. Horrela, partikula baten bidez, urruti dagoen beste partikula bati informazioa transferitu dakioke. Baita milaka km-ra egonda ere.

Albert Einsteinek ez zuen sinisten fenomeno hori posible zenik, eta eztabaida handiak egon dira. Baina saridunen ekarpenek frogatu dute egiazkoa dela. Hain zuzen, John Bellen teoria zuten oinarri. Bellek argitu nahi zuen korapilatutako partikulen portaera mekanika kuantikoak iragarritako probabilitateen araberakoa den edo aldagai ezkutuen teoria batek aurreikusten duenaren araberakoa ote den. Bellen desberdintzak definitu zituen hori argitzeko.

Bi partikula kuantikoki korapilatuta daudenean, bakarra balira bezala jokatzen dute, baita distantzia handira badaude ere. Komunikazio kuantikoa posible egingo du fenomeno honek etorkizunean, partikula baten bidez, oso urruti dagoen beste partikula bati informazioa transferitu baitakioke. Arg. Jurik Peter/Shutterstock

Mekanika kuantikoak aurreikusten zuen esperimentu-mota jakin batek Bellen desberdintzak urratuko zituela. John Clauser saridun berriak garatu zituen John Bellen ideiak, esperimentu praktiko bat diseinatuta, eta esperimentu hartan frogatu zuen, mekanika kuantikoak aurreikusi bezala, Bellen desberdintza bat urratu egiten zela.

Clauserren esperimentuak bazituen hutsune batzuk, ordea, eta Alain Aspect frantsesak lagundu zuen hutsune garrantzitsu bat argitzen. Bi fotoien arteko korapilatze kuantikoa frogatu zuen, neurketa doituta. Oihartzun handiko esperimentua izan zen hura.

Gerora, Anton Zeilinger egoera kuantiko korapilatu horiek erabiltzen hasi zen, eta, besteak beste, teleportazio kuantikoa deritzon fenomenoa frogatu zuten. 2012an, bi fotoi korapilatu 143 km-ko distantzia jarrita ere, egoera kuantikoa teleportatzea lortu zuen. La Palma irlan zegoen fotoi bat eta bestea Tenerifen.

Komunikazio kuantikoaren aro berria

Hiru ikertzaileek garatutako erremintei esker, komunikazio kuantikoaren teknologia berriak sortzen ari dira. Besteak beste, informazioa enkriptatzeko modu seguruak daude, Nobel Akademiak aitortu duenez. Beraz, teknologia kuantikoetan aintzindariak izan direla aitortu dute; hain zuen,mekanika kuantikoaren teoriatik teknologia garatzeko bidea posible egin dutelako.

Orain, ikerketarako eremu oso zabala dugu parean: konputazio kuantikoa, Internet kuantikoak eta abar. Teknologia kuantikoak aro berri batean sartzen ari dira.

Zientziaren izaera kolektiboaz

Nobel sariak pertsonalak diren arren, Zeilingerrek zientziaren izaera kolektiboa azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie bere lana egiten lagundu dioten ehun ikertzaile gazte baino gehiagori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.