Konposatu toxikoak

Ezaguna da urtetan mendebaldeko herri aurreratuak beren etxeetan debekatutako produktu kimiko arriskutsu toxikoak hirugarren munduan saltzen aritu direla. Arazo honek ekologisten artean kezka handia sortzeaz gain, nazioarteko erlazioak pozoitu egin ditu hein batean.

Antza denez, arazo hau konponbidean jar daiteke Nazio Batuen Erakundeko bulego nagusian joan den otsailaren 13tik 17ra bitartean eginiko bileraren ondorioz. Bertan, 28 herri garatu eta erdi-garaturen ordezkariak, Europa, Japonia eta Estatu Batuetako industria kimikoaren ordezkariak, ingurugiro-elkarte ez-gobernutarrak ( Greenpeace esaterako), Baliabide Naturalen Defentsarako Kontseilua eta Kontsumitzaile-Elkarteen Nazioarteko Erakundea bildu ziren.

Bilera honen asmoa potentzialki toxiko diren konposatu kimikoen nazioarteko merkataritzan sistema berri bat ezartzea izan da. Sistemaren izena Prior Informed Consent (PIC) da. PIC sistemaren muina zera da: jatorrizko herrian konposatu kimiko bat erabiltzea debekatua edo bere erabilpena oso mugatua baldin badago, ez dago esportatzerik herri hartzailearen baimen idatzi eta esplizitoa izan gabe.

Orain arte, produktu kimiko eta pestiziden ekoizlerik nagusienak PIC moduko sistemak ezartzearen kontra ibili dira su eta gar. Herri horien ordezkarien ustetan, nazioarteko garraioa eragotziko litzateke horrela eta gainera burokraziaz itotzeko arriskua legoke.

PIC sistemari buruzko adostasuna ez da bilera bakar batean lortu; bilera batzuen ondorio izan bait da. Horietako lehenengoa Dakar-en egin zen 1988.eko irailaren 19tik 23ra. Hogei partehartzaile egon ziren eta nazio garatu eta erdi-garatuak proportzio berdinean zeuden.

Bigarren urratsa, 1988.eko azaroaren 2 eta 3an Genevan egindako bileran lortu zen. Bertan aditu-talde txiki bat aritu zen lanean. Adituak herri garatu eta erdi-garatu, ingurugiro-elkarte ez-gobernutar, Nazio Batuen Ingurugiro-programa eta FAOkoak ziren.

New Yorkeko bileran kontutan hartu ziren puntuen artean, produktu kimikoei “bandera gorria” jartzearen proposamena egon zen. Produktu kimiko bati bandera gorria jartzeko 10 herritan debekatua edo bere erabilpenak oso mugatua egon behar du. Bandera gorria duten produktuekin zerrenda bat egingo litzateke eta interesatu guztiei banatu. Egun zerrenda horretan 50-100 produktu, pestizidak gehienbat, egon daitezkeela pentsatzen da. Produktu berriak zerrendan sartzeko protokoloa ere ezarri beharko litzateke.

PIC sistema aurrerapausoa izan dadila espero dugu produktu kimiko toxikoen baztertze bidean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila