Koaguluen kontra, nanopartikulak aukeran

Metodo berriak arrakasta izan du saguetan, eta laster gizakietan probatuko dute.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

koaguluen-kontra-nanopartikulak-aukeran
Odol-koagulu bat mikroskopio elektroniko batez ikusita. Arg. David Gregory eta Debbie Marshall

Koaguluak erraz desegiten dira tPA botikaren kontaktuan. Zaila da, ordea, botika hori koagulua dagoen tokiraino helaraztea. Erronka hori gainditzeko, Harvard Unibertsitateko talde batek nanopartikula gidarien bidezko metodo baten berri argitaratu du Science aldizkarian. Gaur egun, koaguluak desegiteko bi modu nagusi daude; bata da odola bera arintzen duen botika bat injektatzea, hemorragiak eragiteko arriskua duena, eta bestea stent bat erabiltzea, alegia, koagulua dagoen tokiraino kable malgu bat sartzea eta koagulua fisikoki puskatzea. Orain, bi horien ordezko eraginkor bihur liteke nanopartikulen bidezko metodoa.

Odoleko plaketak izan dira lanaren inspirazioa. Berez, plaketen lana ez da koaguluak desegitea baizik eta kontrakoa, baina badute ezaugarri bat oso interesgarria: behar den tokian aktibatzeko duten sistema. Fluidoen dinamikaren kontu bat da; likidoen jarioa ezberdina da odol-hodi osasuntsu batean eta kaltetutako batean. Lehenengotik bigarrenera izugarri handitzen da ebakidura-tentsioa izeneko parametro fisikoa. Eta, hain zuzen ere, tentsio horren aldaketak aktibatzen ditu plaketak; aktibatutakoan, hodiari itsasten zaizkio eta koagulatze-lanari ekiten diote.

Hain zuzen ere, koagulu batek blokeatutako odol-hodi batean ere izugarri aldatzen da ebakidura-tentsioa, eta horretatik abiatu dira Harvard Unibertsitateko zientzialariak. 100 nm baino gutxiagoko nanopartikulak sortu dituzte; elkarri lotzen dira, eta  plaketa baten tamainako pilota-moduko bat osatzen dute. Egitura hori ebakidura-tentsioaren aldaketak puskatzen du, partikulak askatzen dira, eta koaguluaren zelulei itsasten zaizkie.

Partikulei koagulua disolbatzen duen tPA proteina lotuta, arrakasta handia izan dute saguekin Harvardeko zientzialariek. Arrakastaren gakoetako bat da nanopartikulak polimero biodegradagarri batez eginda daudela, eta gorputzak berak metabolizatzen dituela. Orain, Harvardeko taldeak hurrengo urratsari ekingo dio: gizakietan probatzeari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila