Munduko kirolari onenak ikusi ditugu uda honetan Joko Olinpikoetan. Gorputz ederrak eta osasuntsuak... osasuntsuak? Ez pentsa. Ikerketa ugari egin eta gero, atletek eta atleta ohiek era guztietako osasun-arazoak izaten dituztela baieztatu dute adituek.
Elite-mailarako entrenatzen direnek jasaten dituzten kalte ezagunenak giharretako, hezurretako eta loturetako lesioak dira.
Atletek sindrome larrienak sistema kardiobaskularrean eta arnas aparatuan izaten dituzte. Atletak bihotzekoak jota hiltzea ez da batere ohizkoa, baina aldian behin gertatu egiten da. Jaiotzaz bihotzeko arazoak dituen atletak heldua denean arazo larriak izan ditzake goi-mailako lehiaketetarako entrenatzen bada.
Asma duten atletek ere, une larriak pairatu behar izaten dituzte; entrenamendu gogorrek gaitz hori areagotu egiten baitiete.
Emakumeen ugal aparatuaren disfuntzioak ere ezagunak dira. Bizikletan, korrika edo arraunean egiten duten eliteko emakumeen erdiak baino gehiagok hilekoan gora-behera handiak izaten dituzte.
Sistema inmunologikoa ahuldua edukitzen dute atletek eta gripeak eta burutik beherakoak erraz eta maiz harrapatzen dituzte.
Kirolari bat baino gehiago aztoratuko genuen azalpen honekin; izan ere, ariketa fisikoa osasuntsua dela entzun dugu aspaldian. Osasunaren aurkakoa, neurriz kanpo kirola egitea da. Beraz, segi kirola egiten, bere neurrian!