Kimika teorikoa, olioaren bidea zaintzeko

Itsaso zabaleko plataformek itsasoko ura erabiltzen dute olioa hondoaren azpiko gordelekuetatik erauzteko. Ura injektatuz gero, bertako presioa handitu egiten da eta olioa uraren gainetik kokatzen da. Itsasoko ura lan horretarako egokitzat hartzen da, asko eta oso eskuragarri dagoelako eta arriskurik ez duen substantzia ez-poluitzailea delako.

Hala ere, itsasoko urak arazo bat sortzen du. Sulfatoen kontzentrazio handia du, eta hondoko kareharriak bario asko dauka; biak kontaktuan jartzen direnean, bario sulfatoa sortzen da. Konposatu hori olioarekin batera erauzten da, eta garraiorako tutuerietan kristaltzen da. Ondorioz, olioarentzat traba fisiko larria sortzen da.

Arazo horri konponbidea emateko, kimika teorikoaren bidez, bario sulfatoari kristaltzen uzten ez dioten substantziak diseinatu nahi dira. Kristaltzea oso prozesu geometrikoa denez, geometria horri egokitzen zaizkion molekulak diseinatu dituzte. Horien artean, erabil litezkeen molekula onenak ordenagailuaren bitartez aukeratu dituzte, eta, ondorioz, proba esperimentalak asko urrituko dira. Laborategiko ikerketaren aldean denbora asko aurrezten du, beraz, kimika teorikoak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila