Katua ikusi gabe katua ikusi duten fotoiak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

katua-ikusi-gabe-katua-ikusi-duten-fotoiak
Kartoi-zati batean ebakitako katu bat erabili dute esperimentu kuantikoa egiteko. Katuaren irudiak sortzeko detektatu diren fotoiek, berez, ez dute inolako elkarrekintzarik izan kartoiarekin. Arg. Gabriela Barreto Lemos

Katu bat, mekanika kuantikoaren ikonorik ezagunena erabili dute irudiak sortzeko teknika bat aurkezteko Austriako Zientzien Akademiako Optika eta Informazio Kuantikoaren Institutuko ikertzaile batzuek. Katu horren irudia ez da sortu katuarekin elkarreragin duten fotoiak detektatuz. Alderantziz, irudi hori sortu duten fotoiek ez dute katuarekin elkarreragin. Hain zuzen, mekanika kuantikoaren propietate oso ezagun bat baliatu dute fisikariek katuaren irudia sortzeko: korapilatze kuantikoa.

Elkarrekin kuantikoki korapilatutako partikulak ez dira elkarrekiko independenteak, eta, fisikariak ikasten ari dira nola ustiatu ezaugarri hori, esaterako, informazioa transmititzeko, elkarri korapilatutako partikuletako batean bakarrik eraginda. Austriako ikertzaileek elkarri korapilatutako fotoiak erabili dituzte katuaren irudiak sortzeko.

Esperimentua egiteko, kuantikoki korapilatutako fotoi bikoteak sortu dituzte. Bikote bakoitza osatzen duten fotoien arteko alde bakarra uhin luzera da; gainerakoan, berdin-berdinak dira. Esperimentuan, fotoietako bat objektuaren kontra bidali dute, eta, bestea, detektagailura. Objektuaren aurka bidalitakoak korapilatuta daudenez detektagailura bidalitakoekin, fisikariak gai izan dira argiztatutako objektuaren irudia sortzeko —katuarena kasu honetan— nahiz eta detektatu dituzten fotoiek, berez, ez duten harekin elkarreragin.

Egindakoak bitxikeria irudi dezake, baina, ikertzaileen esanean, bide bat da detektagailu egokiak ez dituzten uhin luzerekin esperimentuak egiteko. Nature aldizkarian aurkeztutako esperimentuetan hala egin dute, eta detektatutako fotoientzat ikusezinak edo opakuak ziren objektuen irudiak sortu dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila