Jupiterren Orban Gorri Handia planetaren egitura deigarriena da. Ekaitz erraldoi bat da, Lurraren diametroa baino zabalagoa (16.000 km), eta, uste zutena baino sakonagoa, Juno zundaren azken neurketen arabera. Hain zuzen, Science aldizkarian eman dute horren berri.
Izatez, Jupiterren atmosferan ugariak dira ekaitz handiak eta zurrunbiloak. Ez zekiten, baina, atmosferaren goialdean bakarrik gertatzen ote diren ala sakonago iristen diren. Hori argitzeko, Juno zundaren mikrouhinen eta grabitatearen neurketak erabili dituzte.
Mikrouhinen datuen bidez, argitu dute Orban Gorri Handian eskala txikiko prozesu dinamikoak daudela, hala nola prezipitazioak eta beheranzko korronteak, espero baino maila askoz sakonagoetan. Hortik ondorioztatu dute erlazioa dagoela Jupiterren barnealdearen eta atmosferaren geruza sakonaren artean.
Grabitateari erreparatuta, berriz, ikusi dute Orban Gorri Handiak fluktuazioak eragiten dituela planetaren eremu grabitazionalean. Emaitzen arabera, ondorioztatu Orban Gorri Handiaren sakonera 500 kilometro ingurukoa dela, eta hori baino askoz ere sakonera handiagora iristen dira orbana elikatzen dute zorrotadak, 3.000 km inguruko sakoneretara hedatzen baitira.
Elhuyarrek garatutako teknologia