Dinosauroek garraiatu ote zituzten jatorritik 1.600 kilometrotara aurkitutako harriak?

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

jatorritik-1000-kilometro-baino-gehiagora-aurkitut
Wyomingen, Morrison aztarnategi jurasikoan aurkitutako ustezko gastrolito bat, 6 cm-koa. Arg. James St. John/Flickr CC-BY

Wyomingen (AEB), Morrison aztarnategi jurasikoan, kuartzo gorrizko harri biribildu leun batzuk aurkitu zituzten, inguruko material sedimentarioaren artean erabat lekuz kanpo ziruditenak. Harri haien zirkoiak aztertu dituzte, eta argi ondorioztatu ahal izan dute Wiskonsingo hegoaldeko formazio batekoak direla; aurkitu zituzten lekutik 1.600 km ingurura dago hori. Terra Nova aldizkarian argitaratu dute lana.

Harriak leku batetik bestera nola mugitu ziren azaltzeko, hipotesi bitxi bat proposatu dute ikertzaileek: dinosauroek (sauropodoak, seguruenik) irentsiko zituzten, gastrolito gisa erabiltzeko, liseriketan laguntzeko; eta dinosauroen barruan migratuko zuten gastrolito haiek.

Gaur egungo dinosauroetan, hegaztietan, ohikoa da harriak horrela erabiltzea. Eta dinosauroen fosil batzuen artean, aurkitu izan dira antzekoak. Kasu honetan, ordea, ustezko gastrolitoen inguruan ez dute dinosauroen arrastorik topatu, eta, beraz, ez dute horren aldeko frogarik. Hala, hipotesi-mailan geldituko da, oraingoz.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.