Japoniak autokritika latza egin du Fukushimako hondamendiaz

Adituen esanean, hondamendia ez zen naturala izan, giza akatsen ondorioz gertatu zen

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

“Made in Japan”, hitz horiekin definitu du Kiyoshi Kurokawak Fukushiman iaz gertatutako hondamendi nuklearra, Japoniako parlamentuaren aginduz aditu independenteek egin duten txosten zientifikoan. Hain justu, aditu-taldearen burua da Kurokawa, eta txostenaren hasieran eman du bere mezua. Hitz gogorrak erabiltzen ditu; haren arabera, gertatutakoa “ez zen hondamendi natural bat izan, baizik eta gizakiak sortua”, eta arrazoiak “japoniarren izaeran” bilatu behar dira.
japoniak-autokritika-latza-egin-du-fukushimako-hon
Kiyoshi Kurokawa, NAIIC aditu-taldearen burua. - Arg. NAIIC

Kurokawak ohartarazten du txostenak pertsona jakinak zein erakundeak jotzen dituela erruduntzat, baina helburua ez dela haiek salatzea, baizik eta gertatutakoaz gogoeta egitea eta ikastea, ez dadin berriro halakorik gertatu.

Hala, ondorioen lehen lerroetan azaltzen dira hondamendiaren arduraduntzat jo dituztenak: gobernua, erakunde arautzaileak eta Tepco konpainia elektrikoa. Jarraian, lurrikararen eta tsunamiaren aurretik, bitartean eta ondoren gertatutako akatsak eta utzikeriak jaso dituzte: segurtasun neurrietan zeuden gabeziak; lurrikarak eragindako kalteak; ebaluazioan eta erabakietan egon ziren akatsak; larrialdiari aurre egitean izandako hutsegiteak; ebakuazioan eta, gero, osasun-zerbitzuetan egin ziren okerrak eta egon ziren hutsuneak; arauen eta legeen zuloak...

Gainera, soluzio “kosmetikoak” baztertu dituzte. Haien ustez, ez da nahikoa erakundeen izenak eta pertsona jakin batzuk aldatzearekin; gizarte-egitura osoak onartu behar du bere ardura. Horrekin batera, energia nuklearrarekin zerikusia duten pertsonen artean topatutako ezjakintasuna eta harrokeria gaitzetsi dituzte.

Aurrera begira jarrita, berriz, “topatutako ebidentzietan oinarritutako” zazpi gomendio eman dituzte. Hiru aholkuk energia nuklearraren, zentralen eta hango langileen araudiekin eta segurtasunekin zerikusia dute; besteak orokorragoak dira. Zehazki, larrialdiak kudeatzeko sistema aldatzea, gobernuak osasun publikoaren gainean duen ardura areagotzea, eta ikerketa-talde independentea sortzea gomendatu dute. Azkenik, erakunde arautzailea zein irizpidetan oinarritu beharko litzatekeen ere aipatu dute: independentzia, gardentasuna, profesionaltasuna, sendotasuna eta ekiteko gaitasuna.

Une hauetan, hondamendia izan eta 16 hilabeteren ondoren, Japoniak dituen 50 erreaktore nuklearretatik bi baino ez daude martxan (maiatzean jarri zituzten martxan, udako kontsumo elektrikoaren gorakadari erantzun hala izateko).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila