Itxuraz argiaren abiadura gainditzen duten pultsuak detektatu dituzte astrofisikariek

Itxuraz argiaren abiadura gainditzen duten pultsuak detektatu dituzte astrofisikariek
2010/03/01 | Elhuyar
Erdiko esferak pulsarra irudikatzen du; kurbek, eremu magnetikoaren lerroak, eta konoek, berriz, igortze-eremuak. Arg.: Mysid, GNU lizentzia.

Texasko Unibertsitateko astrofisikariek abiadura superluminala (argiarena baino abiadura handiagoa) detektatu dute espazioan. Sakabanaketa anomaloarekin lotutako fenomeno bat da, eta, beste arlo batzuetan ikusi izan den arren, lehen aldia da naturan behatzen dutela.

Hain juxtu, 10.000 argi-urte baino urrunago dagoen pulsar baten jarraipena egiten ari ziren astrofisikariak. Pulsarrak oso azkar biratzen duten neutroi-izarrak dira, eta oso tarte labur eta erregularretan errepikatzen diren uhin elektromagnetikoak igortzen dituzte. Espazioa zeharkatu ahala, pultsuak aldatzen doaz, eta, horretan oinarrituta, kosmosa hobeto ezagutzeko aukera dute astrofisikariek. Orain, Arecibo behatokitik (Puerto Rico) ikusi dute pulsar horren pultsuen talde-abiadura argiarena baino handiagoa dela, sakabanaketa anomaloaren ondorioz.

Jesus Arregi astrofisikariaren esanean, aurkikuntzak garrantzia badu ere, "ez da berebizikoa". Izan ere, pultsu horien bitartez ezingo litzateke informazioa transmititu, eta, beraz, fenomenoak ez du zalantzan jartzen erlatibitatearen teoria --teoriak dio informazioa ezin dela transmititu argia baino azkarrago--. Hala ere, ikerketa interesgarria dela uste du Arregik, bidea irekitzen baitu izarrarteko ingurunea aztertzeko.

1
262
2010
3
010
Astrofisika; Fisika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila