Spot 3 satelitea orbitan ipini eta handik hiru minutura Stella satelite txikia hasi zen orbitatzen joan den irailaren 26an. 24 zentimetro diametroko bola modukoa da, ikosaedroa zehatzago esan, eta bere hogei aurpegietako bakoitzak hiru laser-erreflektore ditu. Satelite hau berez pasibo hutsa da, aurrez 1975.ean jaurtitako Starlette satelitea edo iparramerikarren Lageos satelitearen antzera. Munduan zehar barreiatutako estazio batzuetatik zentimetroko doitasunaz egiten diote segimendua.
Nahiz eta tamainaz txikia izan, barruan pobretutako uraniozko masa du eta 48 kilo pisatzen ditu. Ahalik eta dentsitate handiena edukitzea komeni da, atmosferarekiko erresistentzia txikia izan dadin. Egia da satelitea Lurretik 800 kilometrora dagoela eta han atmosfera oso ahula dagoela, baina satelitearen orbita zerbait alda dezake eta saikuntza alferrik galdu. Lurraren grabitazio-mapa guztiz zehatza egitearren, orbitako irregulartasunek Lurraren barneko masa-banaketa baizik ez dute adierazi behar. Mapa hori egindakoan, Lurraren inguruko higidurak zehatz-mehatz simulatu ahal izango dira.