Ez zen erraza, baina dena espero bezala atera da: Insight zunda Elisium Planitia lautadara iritsi da. Horrenbestez, Martera iritsi den NASAren zortzigarren misioa da. Haren helburuak: planetaren barne-egitura eta fluxu termikoa aztertzea, eta uhin sismikoak neurtzea eta haien jatorria argitzea.
Horretarako daramatzan tresnen artean, garrantzitsuenak sismografoa (SEIS), fluxu termikoa neurtzeko zunda (HP3), eta errotazioarekin lotutako parametroak neurtzeko esperimentua (RISE). Haien bidez lortutako datuak, gainera, baliagarriak izango dira planeta arrokatsuen sorrera eta bilakaera ulertzeko.
Berez, 2020 urtera arte iraungo du misioak, baina baliteke luzatzea, denbora hori igaro ondoren ere tresnak ondo badabiltza. Hala balitz, ez litzateke bakarrik egongo, urte horretan beste bost misio iristea espero baita.
Elhuyarrek garatutako teknologia