Ingurugiro-heziketa

Hirurogeigarren hamarkadan gizartean hasi zen ingurugiro-kezkaren prozesu luze eta etengabekoari erantzuna eman nahi izan dio Hezkuntza Sistemak Ingurugiro-heziketaren bidez.

Ingurugiro-hezketa gure planetak bizi duen krisi ekologikoa gainditzeko tresna garrantzitsu bezala onartua izan da nazioarteko erakundeetan. Azken urteotan ere, oinarrizko bi hitz gehitu zaizkio aurreko estrategiari: garapen eramangarria eta geroztik "eramangarritasunerantzako heziketa" ari da gorpuzten mundu zabalean.

Planetak bizi duen krisiaz mintzatzerakoan gehienetan adierazle ekologikoak aipatu arren (basamortutzea, euri azidoa, uraren eta airearen poluzioa, bioaniztasunaren galera, baliabide naturalen narriadura eta abar), faktore ekonomikoak, kulturalak eta politikoak dira herrialdeen arteko desberdintasunak bultzatu dituztenak eta lurraren bizi-gaitasuna bortxatu dutenak. Beraz, ez dirudi garapena eta ingurugiroa binomio banaezintzat hartzea laister pasako den moda denik.

lngurugiro-heziketak pentsamendu kritikoz mundua aztertzen eta gizartean eskuhartzeko trebetasunak lantzen saiatu nahi du, bizitzarako funtsezkoak diren prozesu ekologikoei eutsi eta guztion bizi-kalitatea hobetu eta bermatu nahi du eta.

Desafio horri aurre egiteko, Ingurugiro-heziketak arazo jakinetara jo behar du, disziplinartekotasuna izan behar du ezaugarritzat, baloreen (solidaritatea, lankidetza, justizia, kontsumo apalak edota erantzukizuna) zentzua indartu behar du eta ongizate kolektiboa sustatu behar du. Era berean, Ingurugiro-heziketaren helburua natura eta giza-ingurugiroaren konplexutasuna ulertaraztea da: alor biologiko, fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen elkarreragina ulertaraztea, ingurugiroarekiko neurri aproposen gauzaketa segurtatzeko eta horren kudeaketan parte hartzea bultzatzeko.

1990ean Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea (LOGSE) onartu zen. Legeak elkarri duen Hezkuntza Eraberritzeak bizimoduarekin lotutako ikuspuntuak barneratu ditu, Zehar Lerroen kontzeptua ezarriz, ikasketa-prozesua edo edozein alorri buruzko erabakietan ikuspuntu horiek kontutan har daitezen beti. Beraz, eskolaren ohizko zereginetan Ingurugiro-heziketa hastapen didaktiko gisa agertzen da, hau da, irakaskuntzaren prozesuan erabakiak hartzerakoan ezinbestekoa den auspegia kontutan hartu behar da. Oraindik irizpide garbirik ez dagoen arren, eskola bakoitzeko curriculum irekiak ematen dituen aukerak ezin ditugu ahaztu.

Ingurugiro-heziketa gauzatzeko ez da edukin berri asko gehitu behar. Ez dira prozedura berriak asmatu behar, baizik eta errealitatearekin kontaktua, ikerketa-metodoa eta parte hartze aktiboa metodo gisa bultzatu beharko dira. Ingurugiroarekiko jarrera arduratsuagoak suspertu behar dira eta horretarako eskola-ingurunea (inguru fisikoa, soziala eta kulturala) hobe daitekeen hezkuntza elementu garrantzitsutzat hartu beharko da.

Eskolak sinesgarritasuna eduki nahi badu, koherente izan behar du. Erantzukizun-zentzua garatzeko asmoa badu, berau estimulatzeko eta ikaslegoak bere adineko erantzukizunak har ditzan balioko duten zereginak diseinatu beharko dira. jarrera kritikoa eta lankidetzaren zentzua bultzatu nahi baditu, iritziak elkartrukatu, arazoak ebatzi eta erabakiak hartzera eramango duen talde-lana programatu behar du. Horretarako eskola bera eta bere ingurua izugarrizko laborategia da. lkasleen neurriko esparrua, gauzak eraldatzeko eta hobetzeko eta gainera, giroak ere heziketan parte hartzen du.

Irakaslearen jitea ere elementu erabakiorra da. Onarpen-, ulermen- eta begirune-giroa sortu beharko da, kontrastea eta partaidetza aktiboa baimenduko duen giroan bakarrik eman daitezkeelako hezkuntza-prozesuaren garapen aberasgarriena eta bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoa den kontzientzia eta balioen susperketa.

Prozesu horretan guztian laguntzeko prest gauzkazue Eusko jaurlaritzako CEIDAk (ingurugiro-heziketarako ikastegiak).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila