Indukzio bidez, ametsen jaun eta jabe

Garunean gamma uhinak induzitzeak amets kontzienteak sortzen dituela egiaztatu dute Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Unibertsitatean.

Erik Armendaritz Agirre

Elhuyar Zientzia

indukzio-bidez-ametsen-jaun-eta-jabe
Arg. Andrea Danti/Dollar Photo Club

Egoera oniriko berezia da amets kontzientea. Amets horietan ameslaria jakitun da ametsetan ari dela, eta ametsa gidatzeko gaitasuna du. Horiek dira amets kontzienteen bereizgarri nagusiak.

Batzuentzat dibertsio hutsa izan daitezke amets kontzienteak, baina trauma-ondoko gaixoentzat lagungarri izan daitezke. Gaixoak ametsaren kontrola hartzen badu, zenbait egoera saihesteko aukera izango du: amesgaiztoetatik aldenduko da eta bizi izandako trauma gogorarazten dion ideietatik ihes egiteko aukera izango du. Horrela, inpaktu emozional txikiagoa sufrituko du, eta sendatzen lagunduko dio.

Ikertzaileek, gamma uhinen aktibitatea ametsen jatorria edo ondorioa zen jakiteko, aktibitate neuronala neurtu zieten 27 parte-hartzaileri.

Boluntarioek begien mugimendu azkarren fasean (REM fasea delakoan) hiru minutu igarotzen zituztenean, ikertzaileek estimulazio elektriko bidez garuneko gamma uhinak induzitu zizkieten zenbait maiztasunetan. Jarraian, zientzialariek parte-hartzaileak esnatu zituzten, eta amesten ari zirenaren kontzientzia mailaz galdetu zien. Denek zekiten amets kontziente bat izan zutela. Ikertzaileek ondorioztatu zuten, batez ere, 40Hz-ko maiztasunak eragiten zituela amets kontzienteak. Lanaren emaitzak Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dituzte.

Adituen esanean, garunaren entrenamenduen bidez garatu daiteke amets horietan murgiltzeko gaitasuna.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila