Ilargiaren alde ezkututik Chang’e-6 misio txinatarrak ekarritako laginak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute ilargiaren alde horretan jarduera bolkanikoa geon zela milaka milioika urtez.
Chang’e-6 misioak Ilargiaren hego poloko Aitken arroan hartutako bi kilo lagin ekarri zituen Lurrera kapsula batean, joan den ekainean. Ilargiko krater zahar eta handienetako bat da Aitken arroa, duela ia lau mila milioi urte sortua, meteorito batek jota. Espero bezala, ikertzaileek ikusi dute, hango hauts fina hainbat garai geologikotako partikulaz osatuta dagoela. Izan ere, etengabeko mikrometeoritoen eta energia handiko eguzki partikulen eraginez Ilargiko arrokak hauts bihurtzen dira.
Bada, hauts horretako isotopoak aztertuta ondorioztatu ahal izan dute partikula batzuk duela 2.83 mila milioi urte inguru azaleratu zen labatik eratorriak direla. Eta, modu berean, duela 4.2 mila milioi urte inguruko labaren arrastoak ere topatu dituzte.
Kraterren kronologian oinarritutako beste ikerketa batzuek ere iradoki izan dute bolkanismoa Ilargiaren alde horretan. Oraingoan, zuzenean laginen bidez baieztatu ahal izan dute. Nature eta Science aldizkarian argitaratuta bi artikulutan eman dituzte emaitzak.
Elhuyarrek garatutako teknologia