Amphioxus-aren ondare genetikoa

Amphioxus-a zentimetro eskas batzuk dituen itsas zizarea da. Ornogabea izan arren ornodunen ezaugarri batzuk ere badituenez, trantsizio-animalia dela diote zientzialariek. Washingtongo Unibertsitatean izaki horren genoma aztertu dute, ornodun eta ornogabeen arteko bereizketa nola gertatu zen argitzeko.

Amphioxus-en genoman agertzen den AmphiEomes/Tbr1 genean aurkitu dute gakoa. Ornogabeetan mesodermoa deitzen den mintzaren garapena erregulatzen du. Baina gene hori ornodunetan ere agertzen dela aurkitu dute ikertzaileek, eta, gainera, bi kopia daudela. Harrigarriena da kopia bakoitzak funtzio ezberdina duela. Alde batetik, Eomesodermin deitu duten geneak lehengo funtzioari eutsi dio, hau da, mesodermoaren garapena kontrolatzea. Aldiz, bere kopiak, Tbrain1 deritzonak, funtzio berria du: prosentzefalo edo aurreko garunaren garapena erregulatzea.

Aurkikuntza garrantzitsua dela diote zientzialariek, eboluzioan zehar animalien ezaugarri berriak nola agertzen diren azal dezakeelako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila