Hubble espazio-teleskopioak Eraztuna nebulosaren benetako itxura eman du

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

hubble-espazio-teleskopioak-eraztuna-nebulosaren-b
Eraztuna nebula Arg. NASA, ESA, eta C. Robert O’Dell

Hubble espazio-teleskopioaren irudiei esker, Eraztuna nebulosaren inoizko behaketa xeheena egin dute. Hala, nebulosaren egitura konplexua deskribatu dute, eta 3Dko eredua egin dute kontuan hartuta haren egitura, eboluzioa, kondizio fisikoak eta mugimendua.

Eraztuna nebulosa erroskila desitxuratu baten antzekoa dela ikusi dute. Erdialdea ez du hutsik, ordea: dentsitate txikiagoko materialez beteta dago.

Zatirik argitsuena ikusten den koloretako eraztuna da: nebulosaren erdian hiltzen ari den izar batek askatzen duen gasa da. Nano zuri bilakatuko da izar hori, alegia, oso gorputz txiki, dentso eta beroa.

Eraztuna nebulosa 1779an aurkitu zuen Antoine Darquier de Pellepoix, eta, handik gutxira Charles Messierrek aztertu zuenean bere katalogo astronomikoaren 57. objektu gisa identifikatu zuen. Lurretik 2.000 argi-urtera dago, gutxi gorabehera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila