Hizkuntza arau unibertsalen arabera antolatzen da garunean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Txinera, hebreera, ingelesa eta gaztelania hitz egiten duten pertsonen garunak aztertuta, frogatu dute, idatzizko zein ahozko hizkuntza ulertzean, garuneko gune berberak erabiltzen direla hizkuntza guztietan. Nazioarteko ikerketa bat izan da, eta tartean BCBL-ko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Kepa Paz-Alonsok parte hartu du.

hizkuntza-arau-unibertsalen-arabera-antolatzen-da-
Hizkuntzak ulertzeko neurona-zirkuitu berak erabiltzen dira hizkuntza denetan, idatziz zein ahoz jasota ere. Arg. Woodleywonderworks/CC.BY

Ikertzaileek aipatu dutenez, aztertutako lau hizkuntzak oso desberdinak dira elkarren artean: ingelesa eta hebreera ez bezala, gaztelania idazten den bezala irakurtzen da, eta txinerak alfabeto logografikoa du, hau da, ikur bakoitzak hitz bat adierazten du. Hala eta guztiz ere, garunak neurona-zirkuito berberak erabiltzen ditu lauak ulertzeko.

Gainera, arau unibertsal hori idatzizko eta ahozko esaldiekin gertatzen da, eta hori ere nabarmendu dute ikertzaileek, garunean eragin bera baitute, zentzumen desberdinekin jasotzen diren arren (begiekin irakurtzen dugu, eta entzun, berriz, belarriekin).

Horren zergatia ere azaldu dute ikertzaileek. Nonbait, haurrak txikiak direnean, entzundakoa ulertzeko garunak behar dituen egiturak eta konexioak garatzen dira; aurrerago, irakurtzen ikasteko prozesua egitura horien gainean egiten da. Horrek azaltzen du zergatik aktibatzen diren gune berak, prozesuak deseberdinak izanda.

Ondorio horretara iristeko, 84 boluntarioen garunak aztertu dituzte, 21enak hizkuntza bakoitzeko, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidezko neuroirudigintza erabilita (RMIf), eta PNAS aldizkarian argitaratu ditzute emaitzak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.