Giza genoma lehendabiziko aldiz sekuentziatu zenetik hogei urte bete diren aste berean, hain zuzen sekuentziazio hark utzitako hutsune handietako bat bete nahi duen proiektua aurkeztu da: 3MAG (3 Milioi Genoma Afrikar). Izenak dioen bezala, hiru milioi genoma afrikar sekuentziatzea da proiektuaren helburua. Izan ere, erreferentziazko giza genoma egiteko erabili diren genoma guztien % 2 baino ez dira izan afrikarrenak.
Afrika giza sekuentziaziotik kanpo utzi izanak gabezia handiak eragin ditu, kontuan hartuta Afrika dela kontinente guztien artean aldakortasun genetiko handiena duena. Proiektu berria benetan giza aniztasunaren adierazgarria den erreferentziazko giza genoma bat eraikitzeko abiapuntua izango dela espero da, hogei urte eta gero.
Afrikarren aniztasun genetikoari buruzko informazioa izateak lagunduko luke afrikar populazioetan arruntak diren gaixotasun monogeniko asko diagnostikatzen eta gaixotasun konplexu ohikoenak pairatzeko arriskuak aurreikusten.
Nature aldizkarian iritzi-artikulu batean, Hegoafrikako Cape Town Unibertsitateko ikertzaile Ambroise Wonkam-ek dio ekonomikoki aberatsak diren herrialdeek ez dutela jakin izan munduaren onerako izan zitezkeen gaixotasunen eta populazioen irizpideak Giza Genoma proiektuan txertatzen. Wonkamen ustez, ikertzaile europar eta estatubatuarrek beren ibilbide akademikoa asko aberastu dute proiektu honekin, baina genomikaren ezagutza eta aplikazioek mesede gutxi egin diete hego hemisferioko herrialdeei.
3MAG proiektuak mahai-gainean jartzen dituen kontraesanak ere gogorarazi ditu Wonkamek: nola justifika daiteke sekuentziaziorako halako ahalegin ekonomikoa egitea, hango jendea desnutrizioaz, malariaz eta hiesaz hiltzen ari bada oraindik? Hala eta guztiz ere, ezinbestekotzat jo du halako inbertsio ekonomikoa. Sekuentziazioaren eskutik, laginen eta informazio klinikoaren biobanku afrikarra sortzea da helburua, eta horrek Afrikako osasun publikoko erronka handienak kudeatzen lagunduko duela uste du. Hori bai, ikerketa farmakologikoari ere egin dio deia: analisi klinikoak diseinatzerakoan, Afrikako pertsonentzat eraginkorragoak diren terapiak garatzeko ahalegin handiagoa egiteko eskatu dio.
Elhuyarrek garatutako teknologia