Hirietan eremu berdeak sortzean edo zeudenak bere onera ekartzean, ingurua gentrifikatu egiten dela frogatu dute Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egindako ikerketa batean. Hau da: berdetzeak maila ekonomiko altuko pertsonak erakartzen ditu; etxebizitzen prezioak igo egiten dira; eta maila ekonomiko apalagoko jendea kanporatu egiten da. Ondorio horretara iritsi dira, sei urtez Europako, Kanadako eta AEBko 28 hiriren bilakaera aztertuta. Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Ikerketan, egileek gogorarazi dute hiriak berdetzeak onura nabarmenak dakartzala osasunean, kliman, eta ekonomian. Alabaina, azterketak agerian jarri du banaketa eta eskuragarritasuna ez direla ekitatiboak. Hain zuzen, 28 hirietatik 17tan, berdetzeak gentrifikazioa ekarri zuen; bereziki, AEBn eta Kanadan, han Europan baino ahulagoak direlako politika sozialak eta etxebizitzen merkatuaren gaineko kontrola.
Hala, frogatu dute 1990-2000 urteetan hiriak berdetzeko egin ziren lanek harreman zuzena dutela 2010eko hamarkadan gertatu zen gentrifikazioarekin. Eremu berdeak sortzeak edo berreskuratzeak hiritar zaurgarrienak baztertu zituen, batez ere, migratzaileak eta pertsona arrazializatuak. Erlazio hori zuzena da Atlantan, Copenhaguen, Montrealen, Nantesen eta Vancouverren, adibidez.
Beste leku batzuetan, berdetzea hiriaren berrantolamenduari lotuta joan da, hazkunde ekonomiko helburu zutela. Kasu horietan, beraz, berdetzearen eta gentrifikazioaren arteko erlazioa ez da hain zuzena, beste faktore batzuk ere lagundu baitute gentrifikazioan. Hori gertatu da, esaterako, Bartzelonan, Bostonen, Denverren, Edinburgon, San Frantziskon eta Seattlen.
Eta zenbait hiritan ez dute erlaziorik ikusi, adibidez, Valentzian. Ikertzaileen ustez, kasu horretan, auzoetan parke txikiak egin izana lagungarria izan da gentrifikazioa ez gertatzeko.
Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute hiriak berdetzea ez dela txarra, alderantziz; baina eremu berdeak sortzean edo berreskuratzean, ezinbestekoa da ekitateari eta justiziari lehentasuna ematea, ez bada diskriminaziorik eragin nahi.
Elhuyarrek garatutako teknologia