Asmoa, ekonomia berdetzea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ekonomia berdea da aurtengo Nazioarteko Ingurumen Egunerako Nazio Batuen Erakundeak (NBE) proposatu duen gaia. Eta gai bera izango da ekainaren 20tik 22ra egingo duten Rio+20 biltzarraren gako nagusietako bat. NBEren arabera, biltzarra "aukera paregabea izango da hemendik 20 urte barru nahi dugun mundua zehazteko".
asmoa-ekonomia-berdetzea
NBEren ustez, aztarna ekologiko txikia duten herrialdeetan, gabezia handiak dituzte zerbitzuetan eta ongizate materialean. Arg. Dani Sánchez/CC BY-NC-ND

1992ko Rio de Janeiroko biltzarretik ingurumenak maila globalean izan duen bilakaeraren diagnostikoa egin du NBEren Ingurumen eta Garapenerako egitasmoak, PNUMAk, eta ondorioak ere atera ditu: aitortu duenez, orduan jarritako helburuak ez dira bete.

Horren aurrean, eta egoera iraultzeko asmoz, bi zutabetan oinarritzen den proposamena aurkeztuko du Rio+20n. Zutabeetako bat ekonomia berdea da, eta, bestea, garapen jasangarrirako egitura instituzionala.

Azken hamarkada honetan, era desberdinetako hainbat krisik bat egin dute: klimaren krisiak, biodibertsitatearenak, erregaiarenak, elikagaienak eta, azkenik, finantza-sistemarenak eta ekonomiaren multzo osoarenak. Krisi horien eragileak bat baino gehiago diren arren, denetan elementu berbera nagusitzen dela iritzi dio PNUMAK: kapitalaren esleipen okerra.

Hain zuzen ere, PNUMAren esanean, azken 20 urteotan, kapitalaren zati handi bat ondasunetara, erregai fosiletara eta finantza-aktiboetara bideratu da; eta, horrekin alderatuta, oso gutxi inbertitu da energia berriztagarrietan, eraginkortasun energetikoan, garraio publikoan, nekazaritza jasangarrian, ekosistemen babesean, dibertsitate ekologikoan eta lurraren eta uraren kontserbazioan. Kapitala gaizki bideratzeak ekarri ditu orain bizi ditugun krisiak.

Edonola ere, krisiak (edo krisiek) aldaketarako aukera ematen dutela uste du PNUMAk; are gehiago, aldatzeko une egokian gaudelakoan dago. Aldaketa horretan, ekonomia berdea giltzarri izango delako itxaropena du, eta ekonomia berdetzeko bidea zein izan beharko lukeen ere adierazi du.

NBEk garbi du hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria bateragarriak direla. Arg. n, Tokio. Arg.: LuxTonnerre/CC BY

Pertsonen ongizatea eta berdintasun soziala hobetu, eta, aldi berean, ingurumen-arriskuak eta urritasun ekologikoak txikitzen dituen ekonomia da ekonomia berdea PNUMArentzat, eta, hori lortzeko, munduko barne produktu gordinaren (BPG) % 2 inbertitzea proposatu du, gaurtik hasita eta 2050era arte. Guztira, urtean 1.300 mila milioi dolar izango liratekeela kalkulatu du, eta inbertsio hori zer esparrutara bideratu behar den zehaztu du. Hamar dira esparru horiek: nekazaritza, eraikuntza, energia, arrantza, basogintza, industria, turismoa, garraioa, ura eta hondakinen kudeaketa.

Helburutik urruti

Politikak diseinatzen dituztenentzat PNUMAk egindako gidan azaltzen dira esparru horietako bakoitzean inbertsioak zertan eta nola erabili. Hori baino lehen, ordea, garbi utzi du hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria ez direla bateraezinak, eta ekonomia berdeak lana eta ekonomiaren garapena bultzatzen dituela baieztatu du. Horrekin lotuta, ekonomia ebaluatzeko, BPGa ez ezik, beste alderdi batzuk ere aintzat hartu dituela jakinarazi du, hala nola lanpostuak, baliabideen erabilera, isuriak eta inpaktu ekologikoa.

Hala, esparru bakoitzean izango diren onurak aurreikusten dira PNUMAren gidan, baina, hori bai, helmugatik oso urruti gaudela ere ohartarazi du. Izan ere, herrialde ia guztiak bi multzotan banatzen ditu. Garapen ekonomiko eta ongizate-maila altuak dituzten herrialdeak daude multzo batean; maila hori lortzeko baliabide naturalak eta ingurumen-kalitatea galdu dituzte herrialde horiek. Beste multzoan, berriz, aztarna ekologiko txikia, baina zerbitzuetan eta ongizate materialean gabezia handiak dituzten herrialdeak daude.

Hori kontuan hartuta, ekonomia berdetzeko bideek ezingo dute berdinak izan kasu guztietan, baina pareko ahalegina egin beharko dute batzuek eta besteek. Horretarako, Rio+20 biltzarra mugarri izango dela adierazi du NBEk, ezinbestekotzat jotzen baitu gobernuen, enpresen eta nazioarteko erakunde eta eragileen parte hartzea, ekonomia berderako bidean jartzeko. Hala, xedeetako bat batzuen eta besteen arteko hitzarmenak eta lankidetzak sustatzea da.

PNUMAren arabera, ekonomia berderako aldaketa dagoeneko gertatzen ari da. Arg. Aitor Azpiroz/CC BY-NC-ND

Bide egiten

Bidea luzea izan daitekeela aitortuta ere, ekonomia berderako aldaketa dagoeneko gertatzen ari dela esan du PNUMAk. Hori gutxi ez, eta, aldaketa hori inoiz baino azkarragoa izaten ari da, haren arabera. Hori frogatzeko, datu batzuk eman ditu: 2010ean energia berriztagarrietan egindako inbertsioak aurreikusitakoak baino are handiagoak dira, OCDEtik kanpoko herrialde batzuei esker, bereziki Brasil, Txina eta Indiari esker. Herrialde horiek energia berriztagarrien inbertsiotan izandako partehartzea % 27koa izatetik % 40koa izatera igaro zen, urte bakarrean (2007tik 2008ra), eta joera horri eusten diote.

Hain zuzen, adierazgarritzat jo du Txinaren adibidea: 2011n, sektore berdeetan 354.230 milioi euro inbertituko zituela agindu zuen Txinako gobernuak, eta aurreko bost urteetan, guztira, 159.710 milioi euro inbertitu zituen. Inbertsio hori hiru arlotara bideratu zen nagusiki: uraren birziklatzea eta berrerabiltzea, teknologia garbiak eta energia berriztagarriak. Noski, inbertsio horrek fruituak emango dituela espero du Txinako gobernuak. Izatez, arlo horien hazkundea beste industria-sektore batzuena baino 8-10 aldiz handiagoa izatea aurreikusten du.

PNUMAren arabera, ekonomia berdetzearen onurak ez dira mugatzen BPGaren hazkundera; aitzitik, pertsonen ongizatean eta berdintasun sozialean ere eragin zuzena du. Bidean arrisku eta erronka latzak daudela onartzen du, eta ahalegin handia egin behar dela aberastasuna, oparotasuna eta ongizatea neurtzeko moduak berriro definitzeko. Baina guztiontzat arriskutsuena zer den ere aipatu du: oraingo egoerari eustea eta bide beretik jarraitzea. Hortaz, ekonomia berdetzearen alde egingo du Rio+20n.

Riotik Rio+20rako bilakaera
1992an, Lurraren Biltzarra egin zuen PNUMAk Rio de Janeiron. Gai nagusiak ingurumenaren egoera eta garapen jasangarria izan ziren, eta emaitzetako bat, Agenda 21. Horrez gain, klima-aldaketari, basamortutzeari eta biodibertsitateari buruzko itunak ere sinatu zituzten biltzarrean izandako herrialdeek.
Ordutik hona arlo horietan munduan izandako bilakaera aztertuta, ordea, itun eta hitzarmen horietan aipatutako helburuetako asko ez direla bete onartu du NBEak. Hain justu, bilakaeraren azterketa argitaratu zuen iaz ( Keeping Track of our Changing Environment. From Rio to Rio+20 ). Sakonean aztertutako gaien artean daude populazioa, klima-aldaketa, energia, baliabideen erabilera, basoak, elikagaiak eta lurra, ura eta ozeanoak, eta ozonoa, eta denetan ikusi dituzte puntu ilunak eta argiune batzuk.
Esate baterako, populazioa espero baino gehiago hazi da, batez ere hirietan. Megahiriak ere areagotu eta hedatu egin dira, baina auzo baztertuetan bizi den jende-kopurua jaitsi egin da.
Klima-aldaketari dagokionez, CO 2 -isuriak areagotzen jarraitzen dute, glaziarrak urtzen ari dira, itsas maila igotzen ari da... Baina dolar bakoitzeko isurtzen den CO 2 a gutxitu egin da.
Energia-arloan aurrekoetan baino datu baikorragoak aurkitu ditu PNUMAk, iturri berriztagarriak asko hazi baitira. Baina baliabideen erabilera hainbeste handitu da, ezinbestekoa dela zerbait egitea, baliabideak ez agortzeko eta ingurumena ez suntsitzeko.
Basoetan, berdintsu: asko galdu da, pixka bat berreskuratu da. Elikagaietan, berriz, kezka azaltzen du ongarriek ingurumena kutsatzen dutelako. Beste aldetik, elikagai organikoek gero eta leku handiagoa hartzen dutela aipatzen du.
Ur edangarrian eta ozonoaren bilakaeran, baikor ageri da PNUMA, baina beldur da ozeanoen azidotzeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Horrez gain, biodibertsitatea % 12 gutxitu dela dio; eta galera are handiagoa da tropikoan: % 30.
Edonola ere, txostenaren egileek adierazi dute zailtasun handiak izan dituztela datuak biltzeko eta bilakaerari jarraipena egiteko. Hala, aitortu dutenez, oraindik ere hutsune handiak daude ingurumenaren egoeraren ezagutzan, baina Rio+20k alderdi hori hobetzeko ere balioko duen itxaropena dute.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila