Hillel Furstenberg eta Gregori Margulis matematikariek jaso dute 2020ko Abel saria

hillel-furstenberg-eta-gregory-margulis-matematika
Gregori Margulis eta Hillel Furstenberg matematikariak, Abel sariaren aurtengo irabazleak. Arg. Dan Rezetti eta Hebrew University of Jerusalem

Aurtengo Abel sariak bi ikertzaileren lana aitortu du: Hillel Furstenberg (Berlin, 193) eta Gregori Margulis (Mosku, 1946). Probabilitatearen eta algebraren arteko interakzioan aitzindari izateagatik eman diete saria bi matematikariei. Furstenberg eta Margulisek ez dute inoiz elkarrekin lan egin, baina, Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiaren iritziz, “biak izan dira aitzindari metodo probabilistikoak eta dinamikoak erabiltzen talde-teoria, zenbaki-teoria eta konbinatoria moduko alorretan”.

Biek jaso dituzte aurretik bestelako sari esanguratsuak, eta badituzte bestelako ezaugarri komunak: Margulisek, esaterako, Fields domina irabazi zuen 1978an, baina ezin izan zuen jaso, judua izanik, Sobetar Batasunak ez baitzion eman Helsinkira joateko beharrezkoa zuen bisa. Furstenberg ere nazien okupazioaren erdian Alemanian jaiotako judua da. Gerora ere, paraleloki antzeko ideiak garatu dituzte matematikaren ikerketan, garai berean, gainera.

Furstenbergen teoremarik ezagunenetakoa ausazko bideen ingurukoa da, matrizeen talde infinituetan egindakoa. Margulisen teorema ezagunenak, ordea, matrize-erretikuluen super-zurruntasuna deskribatzen du. Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiaren iritziz, “matematika puruen eta aplikatuen arteko harresia bota dute haien lanek”. Abel saria irabazki badute ere, berriz ere saria jasotzera joan gabe geratu beharko du Margulisek, sarien banaketa-ekitaldia bertan behera geratu baita, koronabirusaren krisi orokorraren eraginez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila