Hiesaren birusa, gainditzeko zaila

Hiesaren birusa, gainditzeko zaila
2008/04/01 | Elhuyar
Hiesaren birusak, immunologia sistemaren zelulen azalean.
McManus/CDC

Hiesak jo dituen pertsonek ez dute lortzen birusa desagerraraztea, ezta erretrobirusaren aurkako terapiari esker odolean birusaren arrastorik geratzen ez denean ere. Ondorio horretara iritsi dira Estatu Batuetako NIAID institutuko ikertzaileak, denbora luzez hiesaren aurkako tratamenduan egon diren pertsonak aztertu ondoren.

Gaur egungo tratamenduak oso eraginkorrak dira, eta, haiei esker, hiesa gaitz kroniko bihurtu dela esan daiteke --behintzat, herrialde garatuetan eta osasun-laguntza jasotzen dutenen artean--. Baina, NIAIDen ikerketaren arabera, medikuntzak oraindik ez du lortu erabat garaitzea birusa. Izan ere, odoletik desagertzea lortuta ere, birusa hesteen inguruko ehunetan ezkutatuta geratzen da, eta berriro infektatzen ditu immunologia-sistemaren zelulak. Hori dela eta, tratamenduak bizi osorako izan behar du, ezinezkoa baita hiesa guztiz sendatzea.

Beste ondorio bat ere atera dute: hiesaren birusak infekzioaren hasiera aldean infektatzen du hesteen inguruko ehuna; horregatik, zenbat eta lehenago jakin infektatuta dagoela bat, orduan eta aukera gehiago birusa hara heltzea eragozteko, eta hiesa sendatzeko. Hori kontuan hartuta, diagnostiko goiztiarrak egitea gomendatu dute ikertzaileek.

1
241
2008
4
011
Medikuntza; Mikrobiologia
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila