HENRY FORD

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Enpresari estatubatuar hau, Wayne Country-n, Dearborn-en ondoan (Michigan-en) jaio zen 1863. urteko uztailaren 30ean. Etorkin irlandarren semea zen. Gaztetan, jornalari gisa ibili zen, baina lanbide hura gustuko ez zuenez, Detroit-era joan zen mekanika ikastera. 1882an, nekazaritzarako makineria egiten zuen enpresa batean muntatzaile/doitzaile gisa hasi zen lanean.

1887an, ezkondu ondoren, Detroitera itzuli zen. Han, Edison Iluminating Co. enpresan, injineru gisa ihardun zuen lanean. 1889. urtean, Detroit Automobile Company enpresako bazkide egin zen, baina bere partaidetza oso txikia zenez, ezin izan zuen bere proiektua aurrera atera. Bere proiektua, jende guztiaren eskueran egongo ziren autoak egitea zen.

1892 eta 1893. urteetan, bere lehen autoa egin zuen, lau gurpilekin, lau zaldiko potentziako motorearekin, urez hoztutakoarekin eta atzera-martxa gabekoarekin.

Bere proiektua aurrera ateratzeko arazoa zela eta, 1902. urtean Henry Ford Company enpresa sortu zuen. 1908an T eredua merkaturatu zuen. Serieko produkzioari esker, oso prezio baxuan saldu ahal izan zuen. Izan ere, Forden filosofia, auto bakoitzaren prezioa jaistea eta salmentak ugaltzea zen. Ford izan zen esportazioa merkataritza hedatzeko tresnatzat kontsideratu zuen aurrenetakoa. Horregatik, 1910. urtean 3.000 auto baino gehiago bidali zituen Britainia Haundiara. 1912an berriz, urtero 75.000 automobil egiteko desafioa egin zuen. 1927. urtean, T eredua egiteari utzi ziotenean, A eredua egin zuen. 1932an berriz, V-8 motorea asmatu zuen.

Horrez gain, Fordek lan egiteko modua ere aldatu egin zuen. Langileak, ilada batean zutik eta beren lekutik mugitu gabe egoten ziren, bakoitzak lan bakar bat egiten zuelarik, hau da, kate produkzioa osatzen zuten. Horrela, produkzioa eta produktibitatea handiagotu eta prezioak merkeagotu egiten ziren. Ondorioz, pieza nagusien estandarizazioa hasi zen. Bestalde, Fordek, soldata handien politika defendatu zuen.

Beste enpresek eta estatuek, lan egiteko metodo hau bereganatu zuten. Sobiet Batasun ohian, nahiz eta kapitalismoa arerio izan, metodo hau onartu zen. Aldaketa horiekin, Fordek iparramerikarren bizimodua aldatu egin zuen eta horrez gain, industri iraultzari bultzada eman zion.

Ford, 1947ko apirilaren 7an hil zen Dearbornen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila