Bretainia Haundian egindako eta Kerstel izeneko hegazkin berezi honek, ultraarinaren txasisa du, baina hegoen ordez presio aerodinamikoz funtzionatzen duen jausgailua ere bai. Aparatuak hutsik 90 kilo besterik ez ditu pisatzen eta aireratzeko indarra 50 zaldiko gasolinazko motore batek ematen dio.
Hegazkinak bi pertsona eraman ditzake eta erraz gidatzen da. Lau ordutan ikas daiteke aparatu hau maneiatzen. Zernahitarako erabil daiteke: atseden hartzeko, nekazaritzarako, kartografiarako eta abarretarako.
Hegazkina oso segurua da, motoreak huts egiten badu jausgailuaz poliki-poliki jaisten delako. Aireratzeko, jausgailua atzean kokatu eta helizeak bidalitako haizeaz puztu egiten da. Ongi puztuta dagoenean, aparatuaren goiko aldera eramaten da eta motorea bizkortuz hegazkina higitzen hasten da. Berrogeita hamar bat metroko bidean erraz joaten da airean gora.
Hegan ari dela, hiru aginte ditu: oineko azeleragailua eta jausgailua gobernatzeko bi kable. Altimetro bat besterik ez dago hegazkinean, eta azeleragailuari eragitea da gora ala behera joateko bide bakarra. Batezbeste 56 km/h-ko abiaduraz ibiltzen da, baina 72 km/h-ko abiadura maximoa lor dezake.