Haurdunaldiak amaren burmuinaren egituran eta jardueran aldaketak eragiten ditu, eta aldaketa horiek hormonen eraginarekin lotuta egon litezke, Nature Communications aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek iradokitzen duenez. Ikertzaileen ustez, aldaketa horiek lagungarri izan litezke fetuarekiko eta haurrarekiko lotura indartzeko, haurren seinaleei fisiologikoki erantzuteko, eta “habia” prestatzeko portaerarako.
40 emakumeri egin zieten jarraipena, haurdunaldiaren aurretik, haurdunaldian zehar, erditu ondoren, eta erditzetik urtebetera, garunean gertatzen diren aldaketak behatzeko. Eta materia grisaren bolumen-aldaketak berresteaz gain, ikusi dute haurdunaldian zehar aldatu egiten dela sare neuronalaren antolaketa, eta handitu egiten dela elkarrekin konektatutako garuneko eskualde batzuen jarduera. Gainera, korrelazioa topatu dute eskualde horien jarduera-mailaren eta amak haurrarekiko duen loturaren eta lotura horren asalduren artean.
Bestalde, ikusi dute garuneko aldaketa horiek hormona-mailan gertatzen diren aldaketekin lotura dutela, bereziki hirugarren hiruhilekoko estradiol-maila handitzearekin. Aitzitik, ez dute loturarik topatu aldaketa horien eta beste faktore batzuen artean, hala nola, estresa edo loaren asaldurak.
Elhuyarrek garatutako teknologia