Harkaitz-zokogunetako iratze dilindaria: Iturri-belar arrunta

FITXA TEKNIKOA
Iturri-belar arrunta

Pteridofito (iratzeak dira oro har) izenaren azpian, morfologia eta dibertsitate handiko, (baina bizi-ziklo berdineko) landare-multzoa biltzen da.

Landare basodun zaharrenak dira, hau da, beren baitan eratu ziren lehenengo aldiz benetako ehunak; ehun izerdi-eroalea bereziki. Kormofitoak dira, beraz, landare loredunak bezala, eta ez talofitoak, hau da, ehun diferentziaturik ez duten algak, onddoak, hepatikoak, goroldioak eta likenak bezala. Garapen handia lortu zuten Era Primarioan, lurreko landareen masa nagusia izan zirelarik.

Bestalde, adiantazeoen familia oso arkaikoa dela eta, bere baitako ia espezie gehienak tropikalak edo subtropikalak direla esan behar dugu. Espezie guztiak, Adiantum generokoak dira.

Genero honek, 200 espezie inguru ditu, eta Europan espezie bakarra dago; aztergai dugun Iturri-belar arrunta, hain zuzen ere.

J. Terés

Iratze hau, 10-40 cm-ko landare fina eta errizoma errestaria duena da. Hosto-txortena mehea, arre-beltzeska eta distiratsua du. Orriak, arrautza-formakoak, 2-3 aldiz pinatuak, eta abaniko-formako pinula bereziak eratzen ditu. Bere soroak berriz, luzangak eta lerro etenak osatuz pinula-ertzean daude. Espezie hau, zona tropikalean eta subtropikalean ondo banatzen da, Europako iparraldetik ihes egiten duelarik. Penintsulan nahikoa arrunta da, eta Euskal Herrian, harkaitzetako zokogune, ezponda eta murruak erraz samar kolonizatzen dituela aipatu behar dugu.

Iturri-belar arrunta aspalditik ornamentaziorako aski erabilia izan da, eta gainera oso preziatua dela esan behar dugu; iratze hau benetan ederra baita. Sendabelarra dela diote, eta dituen tanino eta osagai nagusiei esker (capillarina), espektotzailea eta zertxobait diuretikoa dela diote.

Familia: adiantazeoak
Espeziea: Adiantum capillus - veneris
Banaketa: arrunta
Habitata: harkaitzetako zokogune, ezponda eta murruetan
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila