Haizea beti kontra

Txirrindulariek betidanik susmatu izan dutena baietsita gelditu da: haizea kontra baduzu, ibilbide zirkularra ere luzeago egiten da.

Lehen begiratuan, behintzat, bistakoa dirudi txirrindulari batek haizearen kontra aritu behar duenean galtzen duen denbora, gero, itzultzean haizea alde duelako irabaziko duela. Baina injineru britainiar batek egin berri duen azterketak bizitza ez dela hain errukitsua erakutsi du. Aldeko haizeak ez du inoiz kontrakoak eragindako galera konpentsatzen eta bidaiaren denboran izan dezakeen eragina nabarmena da.

Bizikleta gainean jarritako bakoitzean horixe pentsatzen dugu, haizea beti kontran dugula, alegia. Susmo txar horiek berrestera ei dator ikerketa berria.

Alan Cumming, Hull Unibertsitateko (Ingalaterra) injineru mekanikoa, haizearen efektua aztertzen hasi zen bere etxe ondoko Holderness penintsulako haizearekin borrokatu ostean. Egun haizetsuetan, normalean egiten zuen ibilbidea egiteko denbora gehiago behar zuela konturatu zen; 25 minutu behar izan ordez, 30 edo 35 behar izaten zituela, hain zuzen ere.

Txirrindularien aerodinamikotasunari buruzko datuak eta errepidearen eta gurpilaren arteko marruskadura-koefizientea erabiliz, abiadura jakin bateko kontrako haizeak txirrindulariari aurka zein indar egiten zion kalkulatu zuen. Gero, indar hori gainditzeko txirrindulariak behar zuen potentzia ere kalkulatu zuen. Potentzia konstante edukita eta haizearen norabidea aldatuz, Cumming-ek ekuazio ez-lineal bat deribatu zuen, zeinak haizearen eragina abiaduran eta bidaiaren denboran aztertzea ahalbidetzen baitzion.

Cumming-ek zera ondorioztatu du (European Journal of Physics, 18, 176): haizerik ez dagoenean 27 km/h-ko abiaduran doan txirrindulariaren abiadura % 28 beheratuko da 13 km/h-ko haizea kontra baldin badu. Bestetik, ekuazioak atzeko haizeak laguntzen duela erakusten du, baina aldeko eraginak ez du kontrakoa konpentsatzen eta ibilbide zirkular batean % 7 denbora gehiago behar da. Aldeko eta kontrako haizearen eraginaren desberdintasuna, abiadura-galera hain justu, nabarmenki emendatzen da haizearen abiadura handitzearekin.

Ibilbide zirkular batean haizearen abiadurak txirrindulariak haizerik ez dagoenean duena berdintzen badu, % 20 denbora gehiago behar da ibilbidea osatzeko. Haizearen abiadurak 3 bider gainditzen badu txirrindulariarena, % 350 denbora gehiago behar da ibilbidea amaitzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila