H5N1 hegazti-gripearen birusa ugaztunen artean transmititu daiteke behi-esnearen bidez

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

h5n1-hegazti-gripearen-birusa-ugaztunen-artean-tra
Arg. Alpineveg/Pixabay

H5N1 hegazti-gripearen birusa ugaztunen artean transmititu daiteke behi-esnearen bidez, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu duenez.

Ikertzaileek birusa isolatu zuten Mexiko Berrian kutsatutako behi baten esnetik, eta sagu eta hudoetan ugaltzen dela egiaztatu zuten, eta bi animalietan ugatz-guruinetara iristen dela ere ikusi zuten. Gainera, birusa kutsatutako saguetatik kumeengana ere zabaltzen dela ikusi zuten.

Jakina da behien esnean birus-kantitate esanguratsua egoten dela, eta azken jakinarazpenetako batean, AEBko Nekazaritza Sailak ezagutarazi zuen behitegi baten inguruko 66 saguk positibo eman zutela; baina kutsadura-katea ez zegoen argi. Ikerketa honek baieztatu du behi-esnean dauden birus horiek gai direla beste ugaztunetara pasa eta haietan ugaltzeko. 

Gero eta ugaztun gehiagotan ari dira detektatzen hegaztien gripearen H5N1 birusa, eta 2024ko apiriletik hona, behiekin lan egiten duten lau pertsona ere kutsatu dira AEBn. Egoera horren aurrean, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) prentsa-ohar bat argitaratu du birus horien zaintza areagotzea gomendatuz.

“Historiako hegazti gripearen izurriterik handiena bizitzen ari gara”, azaldu du Elisa Pérez Rámirez CSICeko albaitari birologoak, SMC España-n. “Hegazti-industrian eta basafaunan izan duen eragina suntsitzailea izan da. Eta, gainera, pixkanaka, ugaztunetara pasatzeko gaitasun handiagoa hartzen joan da; lehenik basatietara (Hego Amerikan itsas ugaztunen heriotza masiboak eragin ditu, adibidez), gero Espainiako eta Finlandiako haztegietako bisoietara, etxeko katuetara, eta azkenik, jauzirik ezustekoena eta, ziurrenik, kezkagarriena: esnetarako behi-azienda Estatu Batuetan. Inoiz ez da horrelako azpimotarik aurkitu hausnarkarietan, eta, beraz, agertoki guztiz berri baten aurrean gaude”.

Azken ikerketa honetan frogatu dute, gainera, behi-esnetik isolatutako birusek afinitate handia dutela bai hegaztien zeluletara sartzeko erabiltzen dituen hartzaileekin (alfa 2,3), baina baita ugaztunen hartzaileekin ere (alfa 2,6). “Hartzaile horiek gizakien goiko arnas-traktuan daude, eta, beraz, H5N1en genotipo zehatz horrek infektatzeko eta pertsonen artean transmititzeko gaitasun handiagoa izan lezake”, azaldu du Pérezek. 

“Lehen aldia da hegazti gripearen birus batek, hegazti zelulen hartzaileekin ez ezik, ugaztunen zelulekin ere bat egiteko gaitasuna duela, eta, modu ez-eraginkorrean bada ere, hudoen artean airetik ere transmiti daiteke”, gaineratu du Pérezek. “Emaitza horiek guztiek adierazten dute ugaztunen artean transmisio-potentzial handia dagoela, eta, beraz, azpimota zehatz horrek pandemia-potentzial handiagoa duela. Informazio berri horrekin, are nabarmenagoa da H5N1 birusa gertutik zaintzearen garrantzia”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila