2009 A gripearen urtea izan zen. Influenza A birusaren H1N1 azpimotaren mutazio batek zerrietatik gizakietara salto egin zuen lehenik eta gizakiz gizaki hedatu zen, mundu guztian zabaldu arte. Ekainean, Munduko Osasun Erakundeak pandemia dekretatu zuen. Pandemia hitzak gaitzaren larritasunari baino eremu geografikoari egiten dio erreferentzia. 1968tik lehena zen pandemia hau izan du abiapuntu Eider Oñate pediatrak bere tesia idazteko. Bertan, osasun zerbitzuetan eta populazioan halako egoera batek duen eragina aztertu du.
Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean egiten du lan Oñatek eta H1N1 birusaren mutazio hark Gipuzkako haurrei nola eragin zien ikertu du bereziki. "Osasun-agintarien alarma, aurrekontu teorikoek justifikatzen zuten, baina, zorionez, pandemia ez zen espero bezain larria izan", gogoratzen du pediatrak. Ikerketak berretsi du haurretan (hasiera batean, arrisku-taldeetako bat) gripearen azpimota honen eragina urte-sasoiko gripearen antzekoa zela.
Horrez gain, azterketak azaldu du, pandemiaren aurreko eta ondorengo datuak konparatuz, larrialdi-zerbitzuetako kontsulta-kopurua eta ospitaleratzeak asko igo zirela. “Alarma sozialak mediku pediatren ohiko jardun klinikoa aldatu zuen", onartu du Oñatek. Adibidez, A gripea zuen haur asmatiko bat tratatzean beste modu batera jarduten zen, jardun klinikoan hainbeste oinarritu gabe, eta errazago ospitaleratzen zen garai hartan normalean etxera bidaltzen zena.
Hala ere, pediatraren ustez, barkaezina izango litzateke hartu ziren neurriak hartu ez eta, ondorioz, saihets zitezkeen biktima asko eragin izan balira. Izan ere, gehitu du Oñatek, “inork ez daki noiz gertatuko den berriro hurrengo pandemia, eta 1918koa bezain birulentoa den beste bat gerta daiteke edozein unetan”. Zorionez, 2009 ez zen momentua, baina krisi hark balio izan du irakaspenak ateratzeko. H1N1 A gripearen birusagatik XXI. mendean sortutako lehen pandemiaren ondorioz izandako esperientzia, baliagarria izango da hurrengo urteetan estrategia diagnostiko-terapeutiko berriak ezartzeko.