2021/02/22
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Gizonen antisorgailuak, beti gerorako
Espermatozoide baten irudikapena. - Arg. Espainiako Zientziak/CC-BY-SA 3.0
Soldata-arrakala, lanaldi bikoitza, zaintzaren ardura, sexu-jazarpena... genero-bereizketaren adierazle horien ondoan, bada beste bat, askotan isilean geratzen dena: haurdunaldien erantzukizuna. Horren erakusgarri da emakumeentzako eta gizonentzako antisorgailuetan dagoen aldea: emakumeek hamaika metodo badituzte ere aukeran (betiere, aukeratzerik dutenentzat), gizonezkoek bi baino ez dituzte: preserbatiboa edo kondoia eta basektomia.
Diferentzia horren atzean ez dago arrazoi biologiko edo fisiologikorik, sozialak eta kulturalak baizik: haurgintza emakumeen kontua da, baita hura eragoztea ere. Baina praktikan, ez da oso eraginkorra: munduan, haurdunaldien erdiak nahi gabekoak izaten dira. Gizonek aukeran antisorgailu gehiago izateak ez luke, besterik gabe, egoera aldatuko; aitzitik, zerbait aldatu dela adieraziko luke: gizonak ugalketaz orain arte baino gehiago arduratzen direla esan nahiko luke.
Izan ere, azken urteotan, gizonen antisorgailu bat baino gehiago iritsi da saio klinikoen azken faseetara, baina ez dute merkaturatzeko baimena lortu, ez duelako jaso horretarako behar den bultzada ekonomikoa. Beste era batera esanda: farmazia-konpainiei ez zaie negozio ona iruditu.
2016an, adibidez, gizonentzako antisorgailu hormonal baten saio klinikoak bertan behera geratu ziren, albo-ondorioengatik. Ez emakumeetan eragiten dituztenak baino handiagoak izan zirelako; hain zuzen ere, hauek ziren: aknea, aldarte-aldaketak eta gizentzea. Alegia, emakume askok eta askok izaten dituztenen parekoak. Baina, emakumeek ez bezala, gizonek ez zituztela onartuko aurreikusi zuen konpainiak; horregatik erabaki zuen ikerketarekin ez jarraitzea. Gauza bera gertatu zen bi urte geroago, 2018an, beste antisorgailu batekin: xiringa bidez injektatu behar zen, eta eraginkorra eta segurua bazen ere, emateko moduak ez zuen harrera ona izan.
Nature aldizkariaren arabera, ordea, badirudi zerbait aldatzen ari dela, gizonen antisorgailu batean baino gehiagotan ari baitira ikertzen, han eta hemen. Adibidez, saio klinikoen II. fasean dago testosterona eta progestina sintetiko bat daramatzan antisorgailu hormonal bat. Aurretik ikertutakoen aldean, badu alderdi on bat: gel bat da, eta larruazalean zabalduta barneratzen da. Oraingoz emaitza onak eman ditu, eta COVID-19ak saio klinikoetarako boluntarioen bilketa eten badu ere, espero dute laster lortuko dituztela behar dituzten 400 bikote heterosexualak, Ameriketako Estatu Batuetan, Europan, Hego Amerikan eta Afrikan.
Hormonak alde batera utzita, espermatozoideen bidea oztopatzen duten metodo itzulgarriak probatzen ari dira. Horietako bat RISUG izenekoa da. Indian ari dira garatzen, eta hodi ezberdinetan injektatzen den hidrogel batean oinarritzen da (basektomian mozten diren hodietan). Hidrogelaren osagaiek espermatozoideak inhibitzen dituzte, modu eraginkor eta seguruan. Leheneratzeko, nahikoa da hidrogela desegitea. Orain saio klinikoen III. fasean dago, hau da, merkaturatzeko baimena jasotzeko gainditu behar duen azkenekoan.
Albiste ona izango litzateke antisorgailu horiek edo antzeko batzuk merkatura iristea, eta, are hobea, harrera ona izatea eta gizonek haurdunaldien erantzukizuna partekatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.