Gizonentzako pilula antisorgailu bat segurua dela frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gizonentzako-pilula-antisorgailu-bat-segurua-dela-
Arg. AEBko Osasun Institutua

Orain arte garatutako gizonentzako antisorgailu hormonalek ez dute saio klinikoak gainditzerik lortu, eragiten zituzten albo-ondorioak ez zirelako onargarriak. Albo-ondorio nabarmenenak aknea, aldarte-aldaketak, depresioa eta gizentzea ziren. Orain, baina, ondorio txarrik ia ez duen pilula bat aurkeztu dute.

Washingtongo Unibertsitatean egin dute pilularen saio klinikoa, eta Estatu Batuetako Endokrinologia Batzarrean aurkeztu dituzte emaitzak. 15-50 urteko ehun boluntariok DMAU (dimendrolona undekanoato) izeneko konposatua hartu dute, ahoz, hilabetez. Horren eraginez, esperma ekoizteko behar diren hormonen maila asko jaitsi zitzaien. Horrekin batera, dosi handiena hartu zuten boluntarioak gizendu egin ziren, baina ez zuten beste albo-ondorio nabarmenik jasan.

DMAUk testosteronaren aldaera bat eta progesterona konbinatzen ditu. Izan ere, testosterona, ahoz hartuta, azkarregi kanporatzen da, eragin antisorgailua izan baino lehen. Undekanoatoari esker, moteldu egiten da kanporatzea.

Dena dela, saio klinikoen lehen fasea baino ez du gainditu. Hurrengo fasean, eraginkorra dela probatu beharko dute, eta, gero, dosiak zehazteko probak egin beharko dituzte, askoz ere boluntario gehiagorekin. Nolanahi ere, aurretik probatutakoak baino aukera gehiago ditu merkatura iristeko. Orduan, kontsumitzaileek izango dute azken hitza.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group