AEBtako, Kanadako eta Alemaniako zenbait unibertsitatek egin dute lana, datuen zientzia berriena azken ehun urteetako grabaketa etnografikoekin eta diskografikoekin uztartuta. Emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte, eta erabiltzaile guztien eskura jarri dituzte osatutako datu-baseak eta aurkezpen interaktiboak.
Musika bokalari jarri diote arreta, hau da, ahots hutsez egiten denari, hori baita denen muina. Guztira, ezagutzen diren kultura guztien adierazgarriak diren 315 kulturatako kantak aztertu dituzte, eta ikusi denetan badirela kantak lau testuingurutarako: dantza, sendatzea, maitasuna eta sehaska-kanta.
Testuinguru bakoitzaren barruan, hiru parametroren arabera sailkatu dituzte: formalitatea (ekitaldi arautuekin lotua), bizigarritasuna (testuinguru pizgarriak) eta erlijiositatea (espiritualtasunarekin erlazionatutakoak). Eta baieztatu dute kulturatik kulturara alde txikiagoa dagoela hiru parametro hauetan, kultura bakoitzean testuinguru bateko eta besteko kanten artean baino.
Webgunera sartu ziren 29.357 bisitarik betetako galdeketak ere ondorio hori indartu du, nahikoa sendotasunez asmatu baitute zer testuingurutakoak diren entzundako kantak (% 42,2tan; ausaz % 25 litzateke). Gehien asmatu dituztenak testuingurua dantza dutena dira; ondoren datoz sehaska-kantak eta sendatzekoak; eta azkenik, ia-ia aliritzira asmatzearen pare (% 26,2), maitasuna. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute bisitari gehienak mendebaldeko kulturakoak zirela; hain justu, beste kulturetako musikak entzutera ohituenak daudenak.
Bestalde, frogatu dute, hizkuntzekin gertatzen den bezala, musikak ere botere-legea betetzen duela kultura guztietan: melodia-unitate sinple gutxi batzuk sarri errepikatzen dira, eta haien artean sartzen dira, askoz ere maiztasun txikiagoarekin, unitate luze eta konplexuak. Horren bidez, monotoniaren eta kaosaren arteko oreka lortzen dute.
Horrenbestez, ondorioztatu dute gizarte guztietan dagoela musika; dibertsitate handiagoa dagoela gizarte bakoitzaren barruan, gizarte desberdinen artean baino; testuinguru berean, ezaugarri batzuk komunean dituztela denek; eta arau batzuk ere unibertsalak direla.
Ikertzaileek onartu dute, lan zabala den arren (orain arteko zabalena), oraindik musika eta alderdi ugari geratzen direla aztertzeko, eta ikertzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute, jakiteko zer mekanismoren bidez den musika esperientzia unibertsal bat.