Giza Genomaren Proiektuak eman du eman beharrekoa, sekuentziatu dira giza gene gehienak. Baina oraindik asko falta da genoma ulertzeko: gene horien guztien aktibitatea nola kontrolatzen den ulertu beharra dago. Izan ere, informazio hori gabe, DNA sekuentziatzeak ezer gutxirako balioko luke. Horri erantzuna eman nahian sortu da Giza Epigenomaren Proiektua.
Neurri handi batean, DNAri metilo-talde kimikoak itsatsita erabakitzen du zelulak zein gene aktibatu eta zein ez. Eta metilazio-patroi hori da, hain zuzen ere, proiektu berriak argitu nahi duena.
Metilazio-patroi hori aldatu egiten da indibiduoa garatzen den heinean, eta horregatik espresatzen dira gene batzuk enbrioian eta beste batzuk helduaroan. Baina hainbat gaixotasunetan –bereziki minbizietan– metilazio okerrak gertatzen direla ikusi da. Hortaz, medikuntzarako ere oso baliagarri izan daiteke DNA non metilatzen den argitzea.
Oraingoz, Berlingo eta Ingalaterrako ikertzaileak ari dira proiektu handi honetan lanean, eta dagoeneko 100.000 metilazio-leku identifikatu dituzte. Gutxienez beste bost urterako lana dutela adierazi dute.