Giza garuneko zelulen zehaztasun handiko atlas bat osatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. 3.000 zelula mota baino gehiago identifikatu dituzte, horietako asko ezezagunak. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, aurrerapauso handia da giza garuna ulertzeko, eta oso baliagarria izango da hainbat gauza ikertzeko: besteak beste, hainbat gaixotasun, kognizioa eta zerk egiten gaituen gizaki.
Science, Science Advances eta Science Translational Medicine aldizkarietan argitaratu dituzten 21 artikuluk osatzen dute atlasa. AEBko Osasun Institutu Nazionalak 2017an abian jarri zuen BICCN proiektuaren azken emaitzak dira.
Hildako hiru gizonen garunetako 3 milioi zelularen RNAk sekuentziatu zituzten. Eta horri gehitu zioten aurreko azterketa batzuetan erabilitako emakumezko baten kortex motorraren disekzio bat. Hala, 461 zelula-kategoria zabal identifikatu zituzten, eta 3.000 azpimota baino gehiago.
Ikusi dute neuronak asko aldatzen direla garuneko zati desberdinetan, eta zelula-mota batzuk leku jakinetan bakarrik agertzen direla. Bestalde, sorpresatako bat izan da enbor entzefalikoan aurkitu duten konplexutasuna.
Zelula-mota desberdinetan geneen adierazpen- eta erregulazio-mekanismoak ere aztertu dituzte, eta ikusi dute desberdintasun nabarmenak daudela eskualde batetik bestera. Hain zuzen ere, garuneko gene-adierazpena aktibatzen edo blokeatzen duten etengailuak zehaztea erabilgarria izan liteke hainbat gaixotasun diagnostikatzeko eta tratatzeko.
BICCN proiektuaren hurrengo pausoa izango da garuneko atal guztietako zelula gehiago sekuentziatzea. Eta lagin gehiagorekin lan egiteko asmoa dute, ikusteko zer desberdintasun egon litezkeen populazioen edo adin-tarteen artean.
Elhuyarrek garatutako teknologia